Gurasolagun

GURASOLAGUN_001
Umeak klasean edo jolasean dauden bitartean, astean behin ordubetez, taldetxotan euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzeko prest zaudete?
Ba, eman izena GURASOLAGUN proiektuan!
*GURASOLAGUN*
943763661 / 605712469
GURASOLAGUN_001 GURASOLAGUN_002 GURASOLAGUN_003 GURASOLAGUN_004

Jardun Euskara Elkartearen aurtengo eskaintza

Eskuorri 2019_2020_001

Azken asteotan aurtengo Jarduneko eskaintza gutxika aurreratzen joan gara. Oraingoan, Ikastetxeetan eta bergarako zenbait puntutan (Udaletxean, Liburutegian…) eskuragarri izango duzuen eskuorria aurkezten dizuegu, eskaintza osoarekin.

Eskuorri 2019_2020_001 Eskuorri 2019_2020_002

 

 

 

Belastegi#30 Euskarazko hedabideak kontsumitzea lagungarria da euskaldunberrientzat

Monika Belastegi

Gaurkoan, Monika Belastegi dugu Kataianeko hitzaren jabe, Udal Euskaltegiko Patxi, Marian eta Arantzazuk luzatutako kezka/galderei erantzuteko prest!

Udal euskaltegiko ikasleek egindako hausnarketari jarraipena emanez, hona hemen Monika Belastegi Goiena komunikazio taldeko kidearen iritzi artikulua.

Patxik, Marianek eta Arantzazuk ez bezala, etxean jaso dut nik euskara, ama hizkuntza dut.  Patxik, Marianek eta Arantzazuk ez bezala, ikasketak euskaraz egin ahal izan ditut, eta halaxe egin ditut. Zentzu horretan euren aldean nire bidea erraza izan da.

Lanean, Goiena Komunikazio Taldean, euskara da erabiltzen dugun hizkuntza eta Ibilbide profesionalean euskara ikasle eta euskaldunberri askorekin egotea tokatu zait. Eta egoera horietan beti pentsatu izan dut itzelezko meritua zuela nirekin une horretan euskaraz ari zen pertsona horrek. Izan ere, esateko zutena euskaraz esan ahal izateko, euskaraz komunikatu ahal izateko, esfortzu handia egiten ikusi ditut. Egia da beti ez dela izan erraza elkar erabat ulertzea, baina zer gutxiago une horietan enpatiaz eta pazientziaz jokatzea baino? Seguru hurrengoan hitzak errazago eta naturalago aterako direla.

Kazetariontzat hizkuntza ondo menperatzea ezinbestekoa da irakurle eta ikus-entzuleek gure mezua ondo uler dezaten. Bada, hori horrela izan dadin, eta badakigulako gure irakurle eta ikus-entzuleen artean euskara maila desberdinak daudela, hizkuntza ahalik eta errazen eta zuzenen erabiltzen saiatzen gara. Hala, aukera paregabea iruditzen zait euskara ikasten ari direnentzat Goienak eskaintzen dituen aukerak baliatzea – gure aldizkariak eta webgunea irakurtzea eta telebista ikustea–. Debagoieneko gertakariekin informatuta egoteaz batera, euskara ikasgeletatik kanpo, modu arin eta entretenigarrian jasotzeko beste bide bat da.

Are gehiago, zuek ere baduzue lekua gurean: bertara etorrira, gutun bidez, webgunean komentarioak idatzita… Pozik jasoko ditugu zuen iradokizunak. Beldurrak eta lotsak alde batera laga eta euskara gutxiago edo gehiago jakin, dakizuena dakizuela, erabili. Eta Goienako kazetariren batekin kalean topo eginez gero, lasai asko egin euskaraz!

Katearekin jarraitzeko, Damian Madinabeitiari (Game Erauntsia taldeko kideari) luzatzen diot ondorengo galdera: bideo jokoak horren modan dauden sasoi honetan, ze hizkuntzatan jokatzen dute gazteek? Ba al dago euskal komunitaterik?

Monika Belastegi

HAUS OF BEATS 174

HAUS OF BEATS #174 Aste hontako aurrerapenetan… / This week promos… Lindstrøm, Patrick Conway, Mt. Rave, MaSpaventi, BLENT, Vin Sol eta Syrte Vs Visions Of Glosters-en hurrengo lanak… …eta askoz gehiago. / …and many more. Tracklist: Lindstrøm – Really Deep Snow (Smalltown Supersound) out 11 oct Patrick Conway – Know The Future (ESP Institute) out […]

Kultura kalera jolaslekua

JOlas leku kartela kultura kalera

Jardun Euskara Elkarteak datorren irailaren 27an, ostirala, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Udalak antolatutako Kultura Kalera ekimenaren barnean, Jolas Leku ibiltaria antolatu du.

Bertan, munduko jolasak, mandalak margotzea eta kantu jolasak egingo ditu bertaratzen diren haur eta guraso guztientzako.

JOlas leku kartela kultura kalera

Lan eskaintza

Laneskaintza-300x188

Jarduneko eskolaz kanpoko euskara errefortzuak emateko irakaslea behar da.

Interesatuak aurkeztu curriculuma Jardunen edo bidali gaztejardun@topagunea.com helbidera.

Curriculumak aurkezteko azken eguna irailak 26a izango da.

Informazio gehiagorako jarri Jardunekin harremanetan

6 fusilatu gehiago omenduko dira ekitaldi jendetsuan, ostegunean

BESTE OMENDU BAT, 83 URTE ETA GERO, ARRASATERA ITZULIKO DA

Intxorta 1937 elkarteak jakin du Guillermo Ugarte, Isidro Monje, Victor Uribetxebarria, Blas Unamuno, Dimas Aranzeta eta Eusebio Mentxaka ere erailak izan zirela. Beraz, omenaldian guztira Debagoieneko 122 fusilatu eta desagertu omenduko dira. Omenaldia jasoko du ere Francisca Garciak, haurtxo bat zela, Arrasatetik ihes egin behar izan zuena.

Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2019ko irailak 19, osteguna
Notizia originala

Datorren ostegunean, irailak 26, tropa faxistak Arrasaten sartu zirela urteurrena beteko da. Urtero legez, omenaldia egingo zaio fusilatu eta desagerraraziei, baina aurten omenaldi berezia izango da:

Hala, ekitaldi jendetsua iragarri dute antolatzaileek gaur goizeko prentsaurrekoan, Kulturateko areto nagusian.

Hain zuzen, omenaldiak gorazarre egingo die altxamendu militarraren ondorioz diktaduraren errepresio frankista sufritu zuten pertsona guztiei.

Ekitaldi irekia monolitoaren ondoan egingo da, Jose Maria Arizmendiarrieta plazan, lehengo Laubide plazan, irailaren 26an (osteguna) arratsaldeko 19:00etan.

16 urte igaro dira monolitoa bertan jarri zenetik Debagoienean erail edo desagerrarazi zituzten pertsonen omenez. Orduan eskualdeko 116 pertsonen izen-abizenak jarri zituzten oroigarrian.

2003ko ekitaldi hartan “lehen aldiz eskualdeko alkate guztiek parte hartu zuten omenaldian, eta aurtengo omenaldian gauza bera lortu nahi izan dugu”. Gainera, aurtengo omenaldian beste 6 errepresaliaturen izen-abizenak gehituko dizkiete, eraildako 6 pertsona gehiago omenduko dira:

Eusebio Mentxaka Turiel: Arrasaten jaio zen, Errepublika garaian Santanderren bizitzera joan zen. Ezkertiarra zen, Alderdi Komunistakoa. Gerra denboran atxilotua, epaitua eta fusilatua izan zen.

Guillermo Ugarte Aeta: Oñatiarra zen, gaztetan Beasainera lanera joan zen, eta gerra hastean bera bertan zegoen. Abertzalea zen, eta 58 urte zituela fusilatu zuten.

Victor Uribetxebarria Bengoa: Asatzakoa zen, Marruko baserrikoa, honezkero desagertuta dagoen etxea. Victor ere Beasainera joan zen lanera. Abertzalea zen, eta 64 urte zituela fusilatu zuten.

Isidro Monje Alonso: Julia Monjeren aitonetako bat izan zen. Aretxabaletan bizi zen, ezkertiarra zen, UGTkoa eta gerra denboran desagertu zen.

Blas Unamuno Amutxastegi: UHP-ko batailoiko kide zen, Bergarakoa eta ezkertiarra, Alderdi Sozilistakoa. Kanpazarko borroketan zauritu zuten. Apirilaren 24an, anbulantzian Elorriora zeramatela, requete-ek ibilgailua geldiarazi zuten eta eskuko bonba batekin anbulantzian zihoazen pertsona denak txikitu zituzten.

Dimas Aranzeta Etxezarreta: Elgetarra eta abertzalea zen. Bere herrian faxistak sartu zirenean fusilatu egin zuten. Berataz ez dute datu gehiago lortzerik izan orain arte.

Lagun hauen berri izateko “zorte apur bat izan dugu: Guillermo eta Victorren berri adibidez iaz izan genuen, 2018an Beasainen argitaratutako liburu bat irakurtzean”.

Blas Unamunoni dagokionez, “berarekin borrokatutako kide bat elkarrizketatu genuen, eta elkarrizketan izan genuen Blasen berri”.

Beraz, goian aipatutako sei izen-abizenak gehituta, datorren astetik aurrera, Debagoienean erail eta desagerrarazi zituzten 122 pertsonaren izen-abizenak izango dira ikusgai monolitoan.

Gainera omenduko da erbesteratutako emakume bat, 83 urte jaioterritik kanpo eman dituena: Francisca Garcia. Urte bat zuela, Arrasatetik eraman behar izan zuten. Bere aitaren familia jatorriz Cuevas del Valle herrikoa zen (Avila), baina bere aita Arrasateko trenaren eraikuntzara lanera etorri zen.

1920ko Arrasateko erroldan bere aita ageri zen, Musakolako ‘Casa hierro’ delakoan. Felipe Garcia Lumbreras deitzen zen, eta 1936rako euskaraz egiten zuen. Dragones Batailoiarekin borrokan geratu zen. Requete-ak Gijon-en sartu zirenean, arrasatear eta oñatiar batzuk harrapatu zituzten, eta bertan erail zuten Felipe aita.

Bere hiru anai (Felipe, Rogelio eta Anastasio) Santanderren atxilotuak eta fusilatuak izan ziren, epaiketarik gabe.

Francisca haurtxoa eta bere anaia-arreba Arrasatetik Bizkaira igaro ziren, eta Bizkaitik Kataluniara. Bere anai-arrebetako bat Katalunian hil zen, eta beste anaia-arreba bat frantziar estatuan.

Horrenbestez, bere aita, bi anaia-arreba eta hiru osaba hil ziren edo hil zituzten gerra garaian.

“Franciscaren ama, bere senarraren hilketaren berri izan zuenean, gor geratu zen. Francisca ez da inoiz Arrasatera itzuli, eta Frantzian bizi izan da. Ondoren, bere semea Bartzelonara lanera etorri zenez, Francisca Vilanova i la Geltrú herrira bizitzera joan zen”.

“Orduan Arrasateko udaletxera deitu zuen, jakin gura zuelako bere aitari zehazki zer gertatu zitzaion. Udaletxea Intxorta 1937rekin harremanetan jarri zen, eta hortik hasi ginen harremanetan Franciscarekin”. Francisca, 83 urteren ostean, Arrasatera itzuliko da, omenaldirako.

Bailarako 700 eraildako izan ziren, eta horietatik 400 gudariak edota ezkertiar milizianoak izan ziren. Beste 250 matxinatu faxistak izan ziren. 56 inguru herritar zibilak ziren, bonbardaketekin erailak. Prentsaurrekoan baieztatu dute erregimen frankistaren ondorioak oso latzak izan zirela:

.Erailketak
.Desagerpenak
.Beste hildako asko (700 bailara honetan)
.Kartzela
.Tortura
.Kontzentrazio-eremuak
.Bortxaketak
.Erbestea
.Depurazioa
.Bonbardaketak
.Euskararen debekua
…

Horregatik guztiagatik, omenaldian berretsiko dute aspaldiko aldarrikapenarekin: Justizia. Horrekin bat egingo dute Debagoieneko kultur talde ugarik omenaldian, abestuz, musikarekin eta dantzan, helburu berberarekin:

“Altxamendu faxistaren ondorioz errepresio faxista jasan zuten pertsona guztiei omenaldi xume hau eskaintzea”.

Izan ere, “Memoria historikoa errespetatzea ezinbestekoa da askatasunez bizitzeko, zauriak ixteko eta aurrera egin eta etorkizuna sendotzeko”.

Omenaldi hau Debagoieneko eta Aramaioko udalen laguntzarekin egingo da, eta euria egingo balu Biteri plazan, ‘gasolineran’ egingo litzateke.

Omenaldiko egitaraua iragarri dute prentsaurrekoan: Ekitaldiari hasiera emango diote Ane Zuazubiskar eta Manex Agirre bertsolariek, eta ondoren Nati Roa, Maite Uranga eta Julia Monge senideak eta militanteak hitza hartuko dute.

Une horretan errepresaliatutako beste 6 lagunen izen-abizenak bistaratuko dira, eta pertsona hauen senideei Iñigo Arregiren eskulturak emango dizkiete alkateek.

Zazpigarren eskultura bat ere emango da, hain zuzen, Francisca Garciak ere omenaldia jasoko duelako, 84 urtekoa. “Urte bat zuela Arrasatetik ihes egin behar izan zuen, eta omenaldiaren egunean Arrasatera itzuliko da. Inoiz ez da itzuli”.

Ekitaldian ere aurreskua eta ikurrin dantza izango dira, Txikitxu-Arrostaitzen eskutik. Ondoren lore eskaintza egingo da, Izaskun Zubizarretak biolinjoleak, bailarako txistulariek, Arrasate Musikaleko metal bostekoa eta perkusio ikasleek, eta Debagoieneko abesbatza ezberdinek ‘Internazionala’ interpretatuko dute, Xabier Barriolaren zuzendaritzapean.

Ekitaldiari bukaera emateko, Pablo Sorozabalen ‘Gernika’ eusko kantata jendarteratuko da. Iraitz Agirrek egingo ditu aurkezpen-lanak. Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dute:

.Julia Monge, Intxorta 1937ko kide
.Juan Ramon Garai, Intxorta 1937ko kide
.Maite Uranga, Intxorta 1937ko kide
.Nati Roa, errepresaliatu baten senide
.Anuska Ezkurra, Arrasateko udal-ordezkari
.Iraitz Lazkano, Elgetako alkatea
.Gorka Artola, Bergarako alkatea
.Iker Oñate, Oñatiko zinegotzi

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak “mila esker bihotzez omenaldia aurrera eramateko laguntza eman diguzuen udal eta pertsona guztiei. Parte-hartzaileak ilusioz ari dira, baita gu ere”.

Era berean, Intxorta 1937k dei zabala egin die arrasatearrei eta bailarako herritar guztiei omenaldira bertara daitezen: “Garai latza izan zen baina omenaldia neurri batean polita edo atsegina izaten ahaleginduko gara”.

6 fusilatu gehiago omenduko dira ekitaldi jendetsuan, ostegunean sarrera lehendabizi Intxorta 1937 Kultur Elkartea-ean publikatu da.