Bakearen aldeko ekitaldia

UEMyD Musika eta Dantza Eskolen Elkarteko kide guztiak kalera aterako dira martxoaren 15ean, 18:30ean, bakearen aldeko kontzertu bateratua eskaintzeko.

Martxoaren 15ean, UEMyD Musika eta Dantza Eskolen Elkarteko eskola guztiek bat egingo dute bakearen aldeko emanaldia eskaintzeko. Hala, 18:30ean , Elkarteko Eskoletako ikasle zein irakasleak beren hirietako kaleetara aterako dira ( gu Espoloira), bakea aldarrikatzeko melodiak interpretatzeko.

Ekimenarekin bat eginez, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako ikasle eta irakasleak Espoloian elkartuko dira, beren instrumentu zein ahotsekin Beethovenen Alaitasunaren ereserkia interpretatzeko. Ekitaldi honekin, Eskolak bakearen aldeko aldarrikapen irmoa zabaltzea du xede, eta baita gerraren biktima eta errefuxiatuei elkartasuna adieraztea ere.

UEMYD MUSIKA ESKOLEN MANIFESTUA

Egun hauetan, atsekabetuta ikusten ari gara Ukrainan gertatzen ari dena; komunikabideek milaka hildako eta ia bi milioi errefuxiatu aipatzen dituzte, herrialdetik ihesi doazenak, haien bizitzak, oroitzapenak eta, horietako asko, familiako kideak atzean utziz. Giza eskubideak berariaz urratzen dituen botere-borroka baten erdian harrapaturik dauden biktima errugabeak dira. Izan ere, nahiz eta desadostasuna legitimoa izan, inposizio armatua, suntsipena eta erahilketa erabat onartezinak dira.

Horregatik, Musika Eskolen Elkarteak erabateko gaitzespena adierazi nahi dio gerra honi eta edozein indarkeria motari, edonon dela ere. Era berean, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu gerraren ondorio latzak jasaten ari diren pertsona guztiei, ilusio eta itxaropenak indarrez atzemanda ikusi dituzten haurrei eta familiei.

Horren urrun eta horren hurbil. Horren urrun, bizi dugun garaian ulerkaitza suertatzen delako gertatzen ari dena. Eta horren hurbil, inbasioaren laztura sufritzen ari diren ukrainar guztiekin identifikatuta sentitzen garelako, eta baita gatazka armatuaren eta gobernuaren ankerkerien aurka manifestatzeagatik zigortuak izan diren, herrialdetik ihes egin behar izan duten edota sekula hasi behar ez zukeen gerran hil diren hiritar errusiarrekin ere.

Gu ez gara politikan eta gai geoestrategikoetan adituak; gu musikariak gara, baina desadostasunak gorabehera, badakigu eta uste osoz aldarrikatu nahi dugu bakea eskubide ukaezina eta unibertsala dela, elkar ulertzeko modua eta etorkizunerako bide bakarra.

Musikak bonbak isilaraz ditzala eta gure instrumentuak izan daitezela arma bakarrak, notak jaurtiz mundua bakearen aldeko doinuekin samurtzeko.

KORRIKA Triviala

22-Korrika_tokikom_700x700
Gaurtik, martxoaren 14tik, martxoaren 21era bitartean martxan egongo da KORRIKAren inguruko galderekin sortu dugun Triviala. 👉Aurreko Trivialeko edizioetan bezala hiru kategoria egongo dira: LH, DBH eta Batxilergoa; 18 urtetik gorakoak.
👉Sari ezberdinak egongo dira jokoan, lehen bi kategorietan, irabazleen artean KORRIKAKO produktuz osatutako loteak zozketatuko dira. Azken kategorian (18 urtetik gorakoenean) berriz, Bergarako komertzioetan erabiltzeko 10€ko bi bono zozketatuko dira.
👉Oinarriak kontsultatu nahi badituzu edo parte hartu nahi baduzu, egin klik zure adinari dagokion estekan:
Animatu zaitezte eta parte partu!!

ETXEHUTS

Etxebizitzaren gaia ardatz, Txapa irratia kalera ostiral honetan Eguna: martxoak 11, ostirala Ordua: 19:00 Tokia: Kartzela Zaharra Zuzeneko irratsaio bat egingo dugu Txapa Irratian Bergarako Kartzela Zaharrean. Irratia estudiotik kalera ateratzeko ohitura berreskuratuz, herritarrek irratsaioa zuzenean entzun eta ikusteko aukera izango duzue Kartzela Zaharreko areto nagusian 19:00etik aurrera. 'Sasi guztien azpitik', herriko gai ezberdinak kolektiboki jorratzeko sortutako irratsaioa da eta kasu honetan Martxanterak talde feministarekin elkarlanean egiteko gonbodapenari eutsiz sortutako ekimena da. Oraingoan Etxehuts izenpean, etxebizitza eta alokairuaren arazoak izango ditugu hizpide. Bergarako udaleko ordezkaria, Stop Deshaucios, alokairuaren inguruko testigantzak, eta Donostialdeko okupazio bulegoko kideen ahotsak izango dira entzungai, amaieran galderak edota denon arteko solasaldia egiteko aukera izango dugu.

Eskertuta jaso dute Elkorok eta Ayastuyk bizitza osoan euskararen, euskal kulturaren, Euskal Herriaren alde egindako lanagatik Monzon-Ganuza

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatutako Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria banatu zen atzo, martxoak 10, bigarren urtez, Bergarako Seminarixoan egindako ekitaldian.

Bergarako Musika Eskolako Alazne Suinaga, Miren Elorza eta Beñat Askargorta biolin joleek, Uxue Garitano biolontxelo joleak, eta Eneko Galdos dantzariak ere parte hartu zuten ekitaldian.

2021eko martxoaren 9an Telesforo Monzon hil zenaren 40. urteurrenaren testuinguruan sortu zuten Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak Olasotar Telesforo Monzonen eta bere bizitza osoan bidaide izan zuen Josefa Ganuzaren izena daraman saria. Eta Euskal Herriari, euskal kulturari eta bere hizkuntzari, euskarari, bizi osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea du helburu.

Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk saria “oso eskertuta eta emozio handiarekin” jaso zuten. Euskal utopiko guztiei esker herri honetan egindakok lana eta hortik jasotako emaitzak nabarmendu zituen Elkorok bere hitzartzean. Ayastuyk, urtetan egin duten lanaz, “herriarentzat egin dugun lana ez dugu eginbeharretik egin, maitasunetik baizik”, esan zuen.

Senitartekoak eta lagun ugari izan zituzten alboan Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk. Baita instituzioetako, sindikatuetako, hezkuntzako, kulturako, kiroleko, euskalgintzako eta beste arloetako ordezkariak ere. Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritakoak.

Badator KORRIKAko Triviala!

22-Korrika_tokikom_700x700

Dakizuen bezala, laister habiatuko da KORRIKA`22 Amurriotik Donostiara. Hain zuzen ere, martxoaren 31an lekukoak bere bideari ekingo dio.

Gu, aste honetan iragartzen aritu garen bezala, motorrak berotzen ari gara eta prestatu ditugun ekintzen artean KORRIKAKO Triviala aurkitzen da.

Hurrengo astelehenean, martxoak 14an, emango diogu hasiera. Hiru kategoriatan banatuta egongo da eta sari ezberdinak egongo dira jokoan.

Bi formatutan argitaratuko da KORRIKAko Triviala, Online eta paperean.

Astelehenean informazio gehiago, adi egon!!

 

22-Korrika_tokikom_700x700

Euskal triviala-goiko zatia horia

KUKUBIKU KANTAK I – HAUR ABESBATZAK, AURKEZPEN KONTZERTUA

KUKUBIKU KANTAK I – HAUR ABESBATZAK
AURKEZPEN KONTZERTUA / CONCIERTO DE PRESENTACIÓN
Euskal Kantu Zaharren 20 moldaketa berri / 20 nuevos arreglos de antiguas melodías vascas
TOLOSA 2022.03.12
San Frantzisko elizan 20:00tan

Abesbatza partehartzaileak / coros participantes:
– Andoaingo Musika Eskolako Abesbatza
– Arrasateko Goikobalu Txiki Abesbatza
Bergarako Musika Eskolako Haurren abesbatza
– Donostiako Ekoik Abesbatza
– Hernani Musika Eskolako Abesbatza
– Ordiziako Oroith Txiki Abesbatza
– Soraluzeko Haur Abesbatza

Zuzendariak / Directores: Junkal Guerrero, Katrin Iturralde, David Azurza

Pianojolea / Pianista: Amaia Aldalur