“Iruña-Veleiako egiaren alde gose greban”, Nikolas Xamardo eta Xabier Rodriguez Berrian

Berria. 2020-08-15. Noticias de Gipuzkoan ere etorri da artikulu bera, gazteleraz

Zer da gose greba? Barrurako egiten dugun prozesu bat da, eta kontzeptu hauetan oinarritzen da: a) erabakia (egoeraren pertzepzioa, egoera horrek sortzen duen larritasun sentimendua, horren aurkako ausardia-kemena eta justizia beharrizana), b) ekimena, c) interpelazioa, d) apustua eta e) inkesta kualitatiboa.

Gose greba egitea erabakitzen duen pertsonak ondo pentsatu ondoren hartzen du hautua. Pertsona bat erabaki sendo baten bidez sartzen da gose greban, eta erabaki hori bidegabetzat hartzen den egoera jakin batekin hausteko egiten du; kasu honetan, Iruña-Veleiari buruzko epai judiziala.

Erabaki orok larritasuna sortzen du, eta gose greba egiteak gehiago, horrek zabaltzen duen egoera edo etorkizuna zalantzazkoa delako, eta batzuk erabaki horren aurkako erreakzioen beldur direlako (epaileak, Aldundia, aditu interesatuak eta dena onartzen duen iritzi publikoa). Nola gainditzen da larritasuna? Ausardia-kemenaren bidez (justizia sentimendu batek gidatutako bultzada subjektiboa: Iruña-Veleiari buruzko egia osoa). Erabaki horren bidez, interes interesatuaren mundutik atera, eta subjektu burujabe bihurtzen da (interes desinteresatu baten aldeko borroka, ideal baten aldeko borroka, benetan, kasu honetan).

Ekimenaren bidez (gose greba, Legebiltzarrari bide zientifikoa exijitzea, komunikabideak, interpelazio gunearen erreferentzia -Kutxi-73-eta abar) badakigu pertsona batek erabaki bat hartu duela eta dei egiten digula. Eta dei egiten digu, interes desinteresatu bategatik gizakiarentzat garrantzitsuena dena arriskuan jarri duelako: bizitza.Gose greban dagoen pertsonak konfiantza du bere interpelazioan, baina ez du bere ondorioei buruzko bermerik, ez ziurtasunik, ez daki ez noiz, ez nola, ez norengana iritsiko den; baina konfiantza du bidezkoa dela egiten duena (Iruña-Veleiari buruz egia osoa eskatzea), eta apustua egiten du eta bere erabakiaren bidez datorkeenari aurre egiten dio.

Gose greban dagoenak nola ebaluatzen ditu horren ondorioak? Ez inkesta kuantitatibo baten bidez, baizik eta inkesta kualitatibo deitzen dugunaren bidez, hau da, bere ekimenean erabateko konfiantza duenez, ustekabeko emaitzak egongo direla uste du, aurretik buruan ez dituen pertsonengan, zeintzuk eta azkenean Iruña-Veleiari buruzko egia osoa argitzeko erabakigarriak izango diren.

“Koronabirusa eta Iruña-Veleia”, Gontzal Mendibil Berrian

Berria. Abuztuak 7

Koronabirusaren auzi hau inork ez du argitzen, eta, dirudienez, ezta argituko ere. Hartu dira neurriak, bai, baina ezer ez dago argi, eta dakitenek edota jakin behar luketenek ez dakite adierazten edota beren ezjakintasunaren egiak jakinarazi nahi dizkigute. Eta hala gaude, ziurgabetasunak sortzen digun zalantzapean, esaten digutenarekin konforme izan ala ez izan, esaten digutena betetzen; horixe delakoan gizakion erantzukizun bakarra.

Gogoan dut pandemia hau Txinatik zebilenean baina gure lurralde hauetara oraindik heltzeko zegoenean, Gorbeiaranzko pasealdi baten, bere burua ateotzat edo sinesgabetzat duen eta zientziaren balioan bakarrik sinesten duen mediku lagun batekin hizketan gindoazela, hara, bromaz non niotson: «Hau lurtarretatik at legokeen jainkotiar zigorra izan daiteke»; eta bere erantzuna: «Ez ezazu izan zalantzarik inork ez dakien eta jakingo ez duen halako zerbaiten aurrean gaudela».

Hemengo eta hango zientzialariak txertoaren bila ari direla dirudi, zeren, beste inork gabe, zientziak argitu beharko duen gaia dugu honako hau, eta halaxe egiaztatu beharko dute bataren eta bestearen ikerkuntzan zein den baliogarria. Ziur, azterketa guztien ondoren, erantzun eta ondorio argi batera helduko direla. Beharko!

Koronabirusa gauza zahar berria dugu: zaharra, historian zehar lehenik ere izan direlako honen antzeko izurriteak; berria, inork ez dakielako zein izan den haren sorkuntzaren arrazoia eta zer egin dezakegun guztiz alboratzeko edo ezabatzeko. Beraz, hor ari dira azterketa sakonetako ikerketan.

Eta Iruña-Veleiako aferarekin, gaia guztiz desberdina bada ere, antzeko portaera egin izan beharko lukete; batzuek eta besteek, hemengoek eta hangoek, ikerketa sakonean aritu eta ondorioak atera. Dirudienez, egiatzat hartzen dutenen arabera, ez da hala egin. Sententzia atera da, baina zalantzek oraindik ere hor diraute. Eta koronabirusarekin gertatzen den bezalaxe, honako honetan ere, guztiok gaude hizketan, guztiok jakitunak bagina legez.

Nik ez bataz ez besteaz ezer ez dakidanez, nire ezjakintasunetik galderak egiten ditut, eta, galdera horiei adituek izan beharko luketenek erantzun argirik ez dietenez ematen, betiko lekuan jarraitzen dut, Descartesen pentsaeraren «zalantza metodikoan». Descartesek honako hau zioen: «Zalantza da gauzak argitzeko tresnarik egokiena». Ba, halaxe gaude, ezer sinistu ezinik bageunde legez, zalantzetan.

Eta, besteak beste, ostraketetan, «Descartes» agertu omen da faltsutzat dutenen iritzian, «Miskart» egiatzat dutenenean; nerau ere bigarren hori jartzen duelakoan nago, baina zertan gaude? Uste dut metodoak huts egin duela honetan guztian, bai ikerkuntzan, bai geroko justiziaren epaiketan. Argi eta ondotxo zioen honetaz Iñigo Astizek: «Berandu datorren justizia injustizia da, eta berandututako justizia, ukatutako justizia». Eta eszeptizismoaz ari zitzaigun Angel Erro ere BERRIAko iritzi orri hauetan.

Dakiguna da koronabirusak kalte izugarriak egin dituela, egiten ari dela eta egingo dituela. Eta ba ote daki inork Iruña-Veleiako auzia benetan zertan den? Zeren, iruzurra izan bada eta kalte handiak egin baditu, ez bakarrik ekonomikoak, baizik eta asmaketa eta faltsukeria guztioi helaraztea izan bada haren egitekoa eta epaileek hain argi izan balute, egoeratik alde egitearen sententzia izan delakoan nago, eta, hala, bere burua errugabetzat agertzen duen Eliseo Gilek helegitea jartzera doala argitu zigun.

Beraz, gai hauetaz askok eta askok bere zalantzak izatea zilegi dakusat. Epaileen erabakiaren ondoren, leku berean jarraitzen du aferak: inor ez konforme, eta auzia, hasieran zegoen lekuan eta zalantza berean. Eta interes susmagarrien aurreiritzietan eta guztiarekiko eta guztienganako mesfidantzan gauden honetan, zehaztasun filosofiko, teologiko, ideologiko eta batez ere, erabaki politiko eta ekonomikoaren gainetik, zientziak du edo izan beharko du azken hitza, baina halako nahaspilaren aurrean, neure guztiarekiko sinesgabetasunean, Groucho Marx-ek zioena diot: «Mundua geldiarazi dezatela, ni jaistera noa-eta».

Hala ere, pentsatzea libre denez, zera ekartzen dut gogora, antzina baten Europako zibilizazio zaharrenean, euskararen jatorriak aztertuz eta bere erro sakonetan murgilduz, akaso beste egituraketaren bat izango zutela gure aurrekoek. Baina, hau hala balitz, beste eredu eta pentsaera baten sartuko ginateke, eta utzi dezagun dena dagoan lekuan, badaezpada ere, eta munduak segi dezala orain arteko bidetik. Interesen pean gauden mundu honetan atzera begiratzeak aurrera ekiteko zerbait onik eta argi izpirik ekar ligukeela pentsatzea ez litzateke-eta onuragarria denontzat. Hau mundua hau!

Errealitatea den bezalakoxea da, eta proposamen «utopikoak» gizartea bidegurutzean eta itolarrian aurkitzean edo beste irtenbiderik ez ikustean etor litezke. Geroak esan beza, bizi dugun egoeran eta datorkigukeenaren aurrean, oraingo egituraren nolabaiteko aldaketa beharrezkotzat jotzen den. Beraz, Iruña-Veleiaren aferan ere, nahiz eta agenda akademikoak eztabaida, oraingoz, bertan behera utzi duen, Cogito ergo sum. Pentsatzen jarraitzen dugun bitartean, ezer ez dago geldi eta aurrera goaz. Ilunpetik argia erakartzea zientziari dagokio. Hala bedi! Panta rei.

HAUS OF BEATS 219

HAUS OF BEATS 219 Artwork: maineimis_maialen Aste hontako promoetan… / This week promos… Li Jianhong, Terrine, Danny Scrilla, Acid Coco, Ela Minus, Zoo Look, Mathis Ruffing eta Mystigrix-en hurrengo lanak… …eta askoz gehiago. / …and many more.   Tracklist: (PREMIERE) Li Jianhong – At Dusk, Daffodils At The Stream (Cold Moss) out 24 aug (PREMIERE) […]