Valve: Steam (Machine/Controller/Link)

Valvek bideojokoen mundua aldatu duela esaten baldin badut (GOG.com-en baimenarekin, noski), ez dut uste astakeririk esaten dihardudanik.

Lehenengoa Steam izan zen. Bideojokoak online erosi eta edonon zure kontuarekin sartu eta jolasteko aukera ematen zuena (internet konexioarekin jeitsita, noski).

Gero Steam jokoen munduan kontsolidatzeko nahian, Steam OS sortu zuten. PC bat kontsola bat moduan erabili ahal izateko ubuntu distribuzioan oinarritutako GNU/Linux sistema bat.

Steam Machine

Steameko jokutan jarduteko makina da. Ohiko kontsolak ez bezala, makina hauetako modelo asko daude eta batzuk merkeakoak (eta ahulagoak) dira eta beste batzuk askoz garestiagoak (eta edozein joko PS4-ak nahiko luken kalitatez mugituko dituztenak). Berez, eta etorkizunean horrela izateko itxaropena badut, makina hauek Steam OS mugitzeko prestatuak lirateke. Hala ere badaude Steam-ekin jolasteko makinak Windows sistema eragilearekin mugitzen direnak (Alienware-k adibidez baditu batzuk). Izan ere, joko asko oraindik ez daude berezko GNU/Linux-erako eginda (zorionez hau aldatuz dijoa, eta neurri haundi batean Valve-ren apostuari esker).

Honek, gure etxeko ordenagailua Steam Machine batean bilaka dezakegula esan nahi du.

Steam Link

Baina, kontsoletan jarduten direnentzat, ordenagailuak baditu bere alde txarrak. Egia da gamer askok iada ordenagailua periferikoz josi eta kontsolaren ezaugarri guztiak inplementatzen dituztela (USB bidez kontsolarenaren tankerako mando bat, monitore haundi bat, jokuak era eroso batean bilatu eta exekutatzeko software zentro bat, kaskoak mikrofonoarekin eta elkarrizketarako softwarea…), baina estandarrik ez dago.

Steam Link-ek, ordenagailuarekin kontaktua egin dezake gure etxeko sarearen bidez, eta irudia FullHD 60fps-tan (irudi segunduko) telebistan erakutsi HDMI konexio baten bidez. Gainera kaxa honi, aginte bat jartzea posible izango dugu. USB (3 ditu) bitartez lotuko zaio eta Steam Controller-az aparte, XBox eta Xbox 360-ren aginteak, Logitech Wireless F710 agintea eta xagu naiz teklatua erabili ditzakegu. Gainera Bluetooth 4.0 ere badauka. Wifi eta Ethernet konexioak ere baditu.

Steam Controller

Eta Steam-ek ere aginte bat sortu du. Kontrol oso zehatza emango duela diote eta itxaropen asko dauzka jendeak honen inguruan. Hona hemen ezaugarri batzuk:

  • Trackpad bikoitzak.
  • Ukimenarekiko erantzuna HD-n.
  • Stick analogikoak.
  • Sakatze bikoitzeko tirotzaileak (katutxori ez diot zentzurik ikusten).
  • Giroskopio eta azelerometroak, hainbat egoera ezberdin emulatzeko balio dutenak.
  • Agintearen elementuak berrezarri ditzakegu gure beharretarako.
  • Kable edo kablerik gabe (biak batean).
  • USB 2.0 edo Micro USB konexioa.
  • Kablerik gabe 5m-arteko gaitasuna.
  • AA motako 2 pilarekin 40 ordutik gorako autonomia.

Indartsu sartu daitekeenaren susmoa dut. Eta zuek?

Gipuzkoa Encounter 09

Ez ditut urteetan zehar kazetariei erantzuten jardun izan dudan galdera berdinak erantzungo: “Oso azkar al dijoa interneta?”, “Asko jeitsi al duzue?”… eta bata bestearen atzetik antzeko galderak izan ohi dira beti kasu gutxi batzuk salbuespen.

Aurten ere Gipuzkoa Encounterrean izan gara Willix-ok. 9. edizio honetan ere ez dut ezer jeitsi, sarean zerbait elkarbanatzen jarri eta lagunekin jolastu, sortu, hitz-egin eta beste jarduera batzutan parte hartu dugu; hala nola, “Euskal-chef”, “Mahai-jokoa” batzuekin jokatu, “Oculus Rift 2” probatu dugu eta lagunekin kristoren esperientzia bizi izan dugu interneta edo sarea hobeto esanda, aitzakitzat erabiliz.

“Lan party” hauetako baten gauzarik onena, norberak behar eta nahi duena egiten duela da. Etxean egin ditzakegun gauzez aparte, lagunekin egon eta esperientzia eder bat bizi izateko aukera paregabea da.

Txapelketak ugariak eta era guztietakoak dira, interneteko online jokoak, dantzatzeko txapelketak, bideo-saio izugarri dibertigarriak, produkzioak (musika, irudiak, muntaia eta ahotsak jarriaz…).

Egia esan, partyetara etortzeko nire arrazoi indartsuena urte guztian zehar ikusten ez ditudan lagun eta pertsona maite askorekin egon ahal izatea da (eta urte askotarako).

Gauza asko esan ditzaket, baina benetan hau zer den jakin nahi duenak, etorri egin beharko du. Ia hurrengoan, ados?

Homo Ludens – Jokoa

Hasteko: Jokoa eta Jolasa.

Labur-labur esanda, jokoa erregelak dituen, irabazle garbi bat definitu dezaken eta mekanika jakin bad daukan ekintza da. Jolasa berriz, “Lehiaketarik ez denean (soka-saltoan, bale-baleka) edo denbora pasa jokatzen denean” (Etxebeste 2002) gertatzen dena da. (ekintza eta gertaera, hurrenez hurren, eta izan ere “jokatzen dugu” eta “jolasten gara” esateak ere badu bere arrazoia.

Jokoaren natura eta esanahia zantzu kulturalean (Johan Huizinga):

Jokoa kultura bera baino zaharragoa da. Kultura kontzeptuak, naiz eta sarritan ez den ongi definitzen, gizartea hartzen du oinarritzat. Eta animaliek ez zioten gizakiari itxaron hauek jokatzen irakasteko.

Huizingak garbi uzten du animaliak gizakien aurretik jokatzen zutena. Jokatzearen zantzu esanguratsuenetako bat, jostagarria izatearena da.

 

Huizingaren arabera hauek dira jokoak izan beharreko 5 ezaugarri nagusiak:

  1. Jokoa askea da, funtsean askatasuna da.
  2. Jokoa ez da bizitza “arrunt” edo “erreala”.
  3. Jokoa bizitza “arrunteko” bai lekutatik eta denboratik aldentzen da.
  4. Jokoak ordena sortzen du, jokoa ordena da. Jokoak orden oso eta absolutua behar du.
  5. Jokoak ez du interes materialekin zer-ikusirik eta ezin da etekin (materialik) lortu beragandik.

Eta hori zer dela eta?

Ez dut hemen, jokoaren teorian gehiago sakontzeko beharrik ikusten. Baina eztabaida asko eta zantzu ugaritakoak sortzen dizkidan gai bat da hau.

Ez al da egia beste leku gehienetan baino askogatik ere beranduago, zailtasun gehiagorekin, zalantza handiagoekin eta erosotasun gutxiagorekin sartzen direla hemen (Euskal kulturan, jokabide kodean) joko elektroniko, mahai-joko eta rol-jokoak?

Nire iritzia da. Poliki-poliki normaltasunera dator, baina kanpoan orain 10 urte normala zena orain hasten da normaltasunez ikusten hemen. Ni adibidez ez naiz sekula oso kontsola zalea izan, baina hala ere hemen pertsona helduek askogatik gutxiago erabili izan dituzte kontsolak europako beste lekuekin alderatuz, zer esanik ez AEB edo Japoniarekin. Eta mahai jokoen kontsumoa hiriburuetatik at oraindik ere kostata hazten ari da. Eta jokoa maite dugu. Tankerakoak baita, hor karta jokoak; mus txapelketak eta orain gutxi horrenbeste hasi zen poker jokoa (Honek eta futbolak [beti-ere maila amateur batean] Huzinga-ren 5. legearekin tupust egingo ez duela pentsatu nahi dut).

Hala ere, internetaren aro berri honetan gazteen informazio sarrera iturriak asko hedatu eta aldatu dira eta badirudi hurrengo belaunaldiak beste ikuspuntu batetik dihardutela jokatzen entretenimendurako mundu berri honen aurrean.

Honek post edo kafe bat baino gehiagorako emango luke…

Beste erreferentzia interesgarri bat.

Raspberry Pi 2

Irten berri da Raspberry Pi-ren bertsio berria. Lehenengo ezagutu genuen 256MB RAM zeukan bertsio haretatik 1GB-ra igo da. Eta CPU-a be Quad-core bat da oiñ 800MHz-tara dabilena.

Lehenengo bertsiuakin arazo batzuk izan genitxuan, batez ere wordpress bat zerbitzatzen egoterakoan denbora luzez, itzali egiten zen bere kabuz. Beroa etab. horretaz aparte, abiadura eta gaitasuna bermatze aldera, prezio berdina mantenduz salto izugarria deritzot.
Ongietorri π2!

Gu ere, primate

Zer gertatuko litzaiguke, bihar gailu elektroniko bat ere ezin balitz gehiago erabili?
Batek pentsa dezake onerako zitekeela, beste gauza batzuei garrantzia eman, erlazio pertsonalak aberastu, …

Eta zer suposatuko liguke ohitu garen abiadura, berehalako komunikazio eta informaziorako sarbideen galerak? Gure mundua berriz ere murrizteko gai izango al ginateke? Jasango al genuke hegazkin bidaiak egiteari (ia) uztea?

Hegoafrikako babuino primatea, gizakiren batek jaten ematen dionean eta jan iturri bezala identifikatzen duenetik aurrera, guztiz oldarkorra bihurtzen da. Behin jan iturri hori identifikatu duenean, ez du ezerk geldituko eta aurkitzen dituen gizakiak eta beraien etxeak miatuko ditu jan bila. Diotenez, baso-zain eta arduradun hegoafrikarrei, gizaki batek behin babuino bat elikatu duenean, hau sakrifikatzea beste aukerarik ez zaie geratzen.

Zer gertatuko litzaiguke, bada, bihar gailu elektroniko bat ere ezin balitz gehiago erabili?