“Lurrezkoak ala urrezkoak?” Berrian eta Garan

Gaurko Berrian eta Garan Lurrezkoak ala urrezkoak? artikulua agertu da.

Lurrezkoak ala urrezkoak?

Juan Martin Elexpuru

2019ko azaroak 12 0 «Kontuz ibili pitxar berriarekin», esan dio Lidia mirabeari Pompeia Valentinak, hiriko familia aberatseneko etxekoandreak iturrira bidali duenean. «Ondo zaindu eta kontuz esku-luzeekin». Nagusiaren izena du behealdean grabatua bezperan Tritium-etik bere zalgurdiaz etorri zen merkatariari erositako ontziak. Kontuz ibili beharko zuen, bai, bazekien eta zer zeukan pitxarra apurtzen bazuen edo harrapatzen bazioten.

Badator Lidia iturritik pitxarra buruan, eta etxeko atea zeharkatzean txakurrarekin jolasean dabilen mutikoarekin estropezatu eta ontzia mila pusketa egin da lurrean. Bueno, mila agian ez, baina mordoa bai, jo dezagun berrogei. Pompeia Valentinak ez daki nor astindu eskuan duen erratzaz, bere seme bihurria ala mirabea. Hasperen eginez, barreiatuta dauden pusketak batu erratza eta palaz eta zakartegira bota ditu.

Ez zekien asko Pompeia nahigabetuak nolako balioa izango zuten 1.800 urte geroago buztin-pusketa haiek: 40 x 600 = 24.000 euro. Ez da hauspokeria. Gatozen harira. Eusko Jaurlaritza da ondare arkeologikoaren jabea. Kultura kontseilaritzak 600 eurotan baloratu du Iruña-Veleiako zeramika-pusketa bakoitza (hezur eta adreiluak ere berdin). Arabako Aldundia da aztarnategiaren administratzailea, eta honek biderketa egitea beste lanik ez du izan isuna proposatzeko orduan: 480 pieza x 600 euro. Fiskalak ere Jaurlaritzaren irizpideari jarraitu dio. Kartzela zigorraz gain (zazpi urte eta erdi Gilentzat, hiru eta erdi Escribanorentzat), ia hirurehun mila euro eskatzen diete arkeologoei.

Egoeraren absurdoaz jabetuta, Kultura Kontseilariarekin eta Ondare Zuzendariarekin bildu ginen joan den urtean eta arazoa azaltzen saiatu. Esaten duzue piezak faltsuak direla, zeramika pusketa garbiak hartu eta gainean idazkunak eta marrazkiak egin dituztela. Jo dezagun horrela dela hipotesi gisa. Zenbat balio du horrelako zeramika zati batek? Balio kulturala zero, horrelakoak milaka agertzen direlako eta zakartegira joaten direlako. Idoia Filloy zuzendarikide ohiak Radio Euskadiri berriki eskainitako elkarrizketan adierazi zuen estratu bakar batean 20.000 pusketa agertu zirela, denak garbitu zituztela, eta grafitoa edo zerbait berezia zuten apurrak bereizi ondoren zakarretara joan zirela beste guztiak. Ohi den lez. Balio ekonomikoa ere zero edo zerotik hurbil dagoen zifra bat. Orduan non dago «ondarearen aurkako kaltea» eta nola justifikatzen dira bakoitzeko eskatzen diren 600 euro horiek? Ez dezagun ahaztu arkeologoei egozten zaien delitua «ondarearen aurkako kaltea» dela eta ez «faltsifikazioa».

Ez zekiten zer erantzun. Isun-eskaera erretiratzeko eskatu genien. Ezetz, auziak aurrera jarraitu behar duela. Erridikulurik lotsagarriena egiteko arriskuaz ohartu genituen. Ez dirudi inporta zaienik Jaurlaritzari eta Arabako Aldundiari. Hemengo justizia ezagututa, beldur gutxi, nonbait. Izan ere, nori axola zaio Eliseo Gilen eta Oscar Escribanoren buruan beste mailukada batzuk jotzea; hamaika urtez epaiketaren zain egon ondoren, bidegabekeria nabarmenari krudelkeria eranstea kartzela eta isun formatuan. Gure hedabideek, eliteek eta eragileek mutu jarraitzen badute orain arte bezala, beldur gutxi.
Eta oraingoan Espainiako Auzitegi Nazionalik eta Auzitegi Gorenik gabe. Estatuaren Fiskaltzak baino zigor handiagoak eskatuz, gainera. Eta hori piezak faltsuak direla defendatzeko inolako frogarik aurkeztu ez denean.

Gu horrelakoxeak gara eta harro gaude. Gora gu eta gutarrak!

1.200 bisitari bost denboraldi hauetako bisita gidatu alternatiboetan

2015eko udan eman genien hasiera bisita gidatu alternatiboei. Bost denboraldi izan dira eta joan den igandekoarekin eman genion amaiera aurtengoari. Formatoa beti izan da berdina. Goizez aztarnategia bisitatzen da, lehenik kanpoaldea eta gero harresi barrua, hiru orduko ibilaldia eginez. Gero bazkaria eta hitzaldi-solasaldia nahi dutenentzat Langraiz aldean.

Egun ederra eta aberasgarria izan ohi da. Jendea pozik eta eskertuta. Harrituta eta kezkatuta ere bai ikusi eta entzundakoarekin. Gaia sozializatzeko bitarteko ona da. Balantzea, esan beharrik ez, oso positiboa. Kontuan izan behar da bisitak iragartzeko geure blogak eta helbide elektronikoak izan direla gure baliabide bakarrak. Hemen zenbait datu:

bisitak bisitariak
2015 11 280
2016 11 250
2017 9 160
2018 9 270
2019 10 240
Denera 50 1.200

Bisitarien artean ugari izan dira talde antolatuak. Hona hemen jatorria: Alaña familia, Araia, Aretxabaleta, Aulesti, Azpeitia,  Bergara, Donostia, Eskoriatza, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Iberdrolako langile ohiak, Larrabetzu, Laudio, Martin Ttipia, Oñati, Ordizia, Plentzia, Sakana, Soraluze, Usurbil,  Zangotza, Zarautz, Zizurkil-Villabona.

2019-X-27

Urriaren 27an egingo da gaur bertanbera utzitako bisita

Hogeita zazpi lagun zeuden izena emanda gaurko bisitarako. Ostegunean abisatu zitzaien ez zela egingo, eguraldi txarra zegoelako iragarrita, eta hala gertatu da. Datorren igandean, urriak 27, egingo da, eguraldiak oztopatzen ez badu behintzat; oraingoz iragarpena ona da.

Oraindik bada lekua. Beraz, norbaitek aprobetxatu nahi badu aurtengo azken aukera, badaki nora idatzi: bisitak.sosirunaveleia@gmail.com

Eskoriatza inguruko taldea (2019-X-13)

Biziki interesgarria Radio Euskadiren “Ganbara”k Iruña-Veleiaz eskainitako irratsaioa

Ostegun honetako Ganbarak Iruña-Veleiako gaia jorratu zuen. Lehen partean, gertatutakoari errepasotxo bat eman zitzaion grabatutako pasarteen laguntzaz. Ondoren lau pertsona elkarrizketatu ziren. Esatariak garbi utzi zuen faltsutasunaren aldekoek ez zutela parte hartu nahi izan, unibertsitatera, diputaziora eta kazetari ezagun batengana jo zutela baina denek ezezkoa eman zietela. Ignacio Rodriguez Temiño (Sevillako arkeologo bat), aurkitu behar izan zuten faltsutasunaren aldekoen ahotsa entzun zedin. Idoia Filloyk eta Juan Martin Elexpuruk defendatu zuten beste jarrera. Iratxe Jaio artista ere mintzatu zen. Esan behar Radio Euskadik oso lan txukuna egin duela gure ustez, eta emaitza duina eskaini digula.

Hemen entzungai.

Biziki interesgarria Radio Euskadiren “Ganbara”k Iruña-Veleiaz eskainitako irratsaioa

Ostegun honetako Ganbarak Iruña-Veleiako gaia jorratu zuen. Lehen partean gertatutakoari errepasotxo bat eman zitzaion grabatutako pasarteen laguntzaz. Ondoren lau pertsona elkarrizketatu ziren. Esatariak garbi utzi zuen faltsutasunaren aldekoek ez zutela parte hartu nahi izan, unibertsitatera, diputaziora eta kazetari ezagun batengana jo zutela baina denek ezezkoa eman zietela. Ignacio Rodriguez Temiño, Sevillako arkeologo bat, aurkitu behar izan zuten saioa saioa orekatzeko. Idoia Filloy eta Filloy eta Juan Martin Elexpuruk dfendatu zuten Lurmenen jarrera. Iratxe Jaio artista ere mintzatu zen. Esan behar Radio Euskadik oso lan txukuna egin duela eta emaitza duina eskaini digula. Hemen entzungai: //iruñaveleia.eu/project/radio-euskadi-gambara-10-10-2019/

http://iruñaveleia.eu/project/radio-euskadi-gambara-10-10-2019/

Urriaren 13an eta 20an aurtengo azken bisita gidatuak

Datorren igandean, urriak 13, Eskoriatzako talde batek bisitatuko du aztarnategia. Oraindik bada lekua eta beraz edonor apunta daiteke. Egun horretan ez da bazkaririk eta solasaldirik egingo.

Urriaren 20an izango da aurtengo azkena. Dagoeneko hogei lagun daude izena emanda. Bada lekua oraindik. Bazkaria eta solasaldia ere izango dira egun horretan, nahi dutenetzat.

Izena emateko: bisitak.sosirunaveleia@gmail.com