Makinen puztea

Makinen puztea

Demagun ordenagailua zientzia-fikziozko pelikula nabarmenenen gidoietako testuekin elikatu, labekada bat 170º-ra eta makinari gidoi berri bat sortzeko eskatzen diogula. Hori berori da Surprising (Oscar Sharp, 2016) film laburra, bogan dabilen machine-learning edo makina-ikasketaren ikus-entzunezko erakusgarria.

Film laburra bukaerara arte ikusteko irina eta legamia izan badituzu, ados izan gaitezke adimen artifizialak sortutako pelikularen ezer gutxi ulertzen denaz. Esandakoetan zentzu izpi txikiren bat balego ere, 50 gramoko azukre koxkor hori urrun dugu oraindik gutxienezko koherentziadun eduki oso bat izatetik. Sasi-neuronen saretzean eta kontzeptuen arteko erlazioetan oinarritutako teknologia sortzaile honi handi zaio oraindik giza-lengoaiaren gai pikortsua.

Bestelakoa da unibertso mugatuagoa eskatzen duten arazoen kasua. Adibidez, Google-en AlphaGo makinak Asiako ekialdean xakea baino ezagunagoa den Go jokoan jokalari profesional korear bati irabazi dio aurten. Go jokoan jokaldi posibleen eremua horren da handia, ezin direla erabakiak aurrez jokatutako errezetetan oinarritu eta, hortaz, xakean DeepBlue ordenagailuak Kasparovi irabazteko erabilitako datu-base estrategiak ez du balio. AlphaGo makinari Go jokoan jokatzen irakatsi behar izan diote, masa irabiatu eta lantzen, ordenagailuak unibertso txiki horren barruan maisuki eta era original batean mugitzen ikasi duen arte.

Edonola, ordenagailuen maisutasuna nabarmentzen den jogurt-poto txiki hori puzten doa. Bi arrautza adibide. Bat, abokatu estatubatuarren batzuk erabiltzen omen dituzte teknologia hauek lege-kasu arraroei oinarridun formulazio eta limoi-azal ukitu berriak emateko. Eta bi, Google beraren Allo mezu-aplikazio berriak badu pareko algoritmo bat zure txokolatezko erantzun zaharretan oinarrituta intxaur-testu berriak proposatzeko.

Ni ere kolaborazio zutabeen moldea olioztatzeko horrelako teknikak erabiltzen hasi naiz eta, zerikusirik ez badu ere, baita bizkotxoa egiteko errezeta definitiboa lortzeko. On egin!

Elkarrizketaren abiadura

Elkarrizketaren abiadura

Toba sumendiaren hondamendiaren teoriaren arabera, ez omen ziren inolaz ere hamar milara iristen gure garaiaz aurretiko 70.000. urteko lur planetako biztanle guztiak. Garai hartan kokatzen dute ikerlari batzuek ahozko hizkuntzaren jaiotza ere. To, teknologia berritzaileena elkarrekin hitz egitea zuen hamar mila pertsonako mundu bat.

Ordutik, berrikuntzak geroz eta bizkorrago zabaldu dira mundu geroz eta jendetsuagoan. Azterketa genetikoek berresten dute talde txiki horren ondorengoek 55 milurteko eman zituztela jatorrizko Afrikatik hasi eta gainontzeko kontinente habitagarri guztiak populatzen. Nekazaritza lanek eta idazketak milurteko gutxi batzuk baino ez zituzten hartu Europara iristeko K.a. 10.000. urte inguruan Ekialde Ertainean neolitoa hasi zenetik. Romulo eta Remoren kondairatik bederatzi mendetan zehar hirurogei milioi biztanlera zabaldu arte hedatu zen Erromatar zibilizazioa. Inprentari esker berriz, erreforma protestanteak dozenaka milioi pertsona erakarri zituen XVI. mendean hasi eta ehunurteko eskasean. Aro gaikidearekin batera, lastertasunaren neurketa zehatzagoa daukagu: hirurogeita hamabost urte behar izan zituen telefono finkoak ehun milioi erabiltzaile lortzeko; berrogei urte, ostera, irratiak; hamasei, telefono mugikorrak; internetek, zazpi urte; Facebookek, lau; eta Candy Chrashek, urtebete eskas. Aurten, Youtube bitartez 1.000 milioi ikuskatze lortu ditu Adele kantariaren “Hello” pop-kantuak 87 egunetan.

Berehalako berrikuntza-zabaltze masibo hauek lilura bi, gutxienez, sortzen dituzte. Bata, arrakastaren tamaina milioietan neurtzearena. Bestea, gizartearen aldaketa-abiadura berrikuntzenen parekoa dela pentsatzearena.

Lilularik ez; pop musika ixilarazi. Aplikazioak desinstalatu, interneta kendu eta sakelekoa itzali. Telebista, irratia, bestelako telefonoak, prentsa eta liburuak etxean utzi. Lana eta bidaiatzea bizitzaren ardatzetik desplazatu. Herriko plazara irten eta berbaldi gordin baten jauzira dago hamar mila pertsonako mundu bat. Ez alperrik, berehalakoen eta masibotasunen garaian ere, arrakastek eta aldaketek gozatutako konbertsazioen abiaduran egiten dutelako aurrera oraindik.

Goienako Puntua astekarian ere argitaratutako idatzia

Konputazioa eta Politika

Konputazioa eta Politika

Ordenagailu arruntek argi-indarrak kable bat zeharkatu ala ez egiten dute lan; bat edo zero: sistema bitarra“. Hitz hauek dira Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak kazetari batek konputazioari buruz egindako galdera bihurri bat erantzuteko erabilitako lehenak. Politikari batek teknologiaz oinarrizkoak jakin eta komunikatu ahal izate hau izugarri txalotu da azken egunetan, batez ere, ohituta ez gaudelako. Gogoratu bestela kazetari batek Patxi Lopez lehendakariari ea Arkimedesen printzipio ezagutzen zuen galdetzean honek erantzun zuen perla.

Edonola, badatorren politikari belaunaldi berri batentzat teknologia ez da alor arrotz bat izango. Bereziki konputazioa. Eta zehatzago konputazio soziala. Sare sozialetan informazioa da argi-indarra eta erabiltzaileok egiten dugu etengailu lana. Atsegin dut edo ez. Bertxioa edo isiltasuna. Sare-soziala informazioa prozesatzen duen ordenagailu erraldoi bat bihurtuz.

Obamaren bigarren kanpainan, 2012an, sare-sozialetan eragiteak emaitzetan garrantzi erabakitzailea izan zuela inork gutxik jartzen du zalantzan. Gaur egun, pauso bat urrunago joanda, oihartzun geroz eta ozenago batek dio politikariek sare-sozialen analisia erabiltzen dutela programa politikoak osatzeko. Ideiaren erakusgarri izan daiteke fikziozko House of Cards telesaileko azken denboraldian Underwood politikari makiavelikoaren arerio errepublikar berriak bide honen erabilera onartzea.

Horrelakoek, begi bistan uzten dituzte sare-sozialen mugak. Alde batetik, sare hauen datsegitearen kulturak erabiltzailea sinplifikatzea baino ez du bilatzen, erabiltzailea bera konputagarri bilakatzea eztabaida sakonagoen kaltetan. Eta bestetik, sare-sozialetan asimetria izugarri bat dago erabiltzaile arruntaren eta sarearen ikusgarritasun osoa duten Facebook edo Twitter bezalako konpainia berzentralizatzaileen artean. Datu kantitate handiak oparitzen dizkiegu beraiek negozioa egin dezaten. Gu bihurtzen gara beraien ordenagailuko transistorea.

Erantzuna blogak eta sare-sozial propioak direla esaten badaramagu denboratxo bat Euskal Herrian, oihartzun politiko txikiarekin.

 

Arauak eta gauzak

Alferrik idatziko nuke kolaborazio bat IFTTT (IF This Then That) erramintaren inguruan. Duela urtebete Joxe Teknopatak bere webgunean idatzitakoarekin argi baino [...]

Arauak eta gauzak

Arauak eta gauzak

Alferrik idatziko nuke kolaborazio bat IFTTT (IF This Then That) erramintaren inguruan. Duela urtebete Joxe Teknopatak bere webgunean idatzitakoarekin argi baino argiago gelditu zelako gaia: gauzekin hitz egiten duten gauzak errezeta batzuk osatzeko. Gauza batzuek aldagaiak jartzen dituzte. “Temperatura gradutan lortu”. Beste gauza batzuek ekintzak gauzatzen dituzte. “Erradiadore elektrikoa piztu”. Eta IFTTT-ek errezeta edo araua osatzen du aurreko bi gauza konektatuekin. “Temperatura 17º baino baxuagoa bada erradiadore elektrikoa piztu”.

Adibidea ez da kasualitatea. IFTTT delakoa web aplikazioak konektatzeko aukerak eskaintzen hasi bazen ere (Joxe berak Twitter eta Google Drive konektatzen ditu bideo honetan), gaur egun baina, gauzen internet sonatuaren olatuarekin mundu fisikoarekin elkar eragiteko aparatuekin konpatiblea bihurtu da. Ikus dezagun zein apairailutaz nabilen etxean montatu dudan termostatoaren adibidearekin.

Tenperatura gradutan lortu

Aldagai fisikoak lortzeko sensoreak behar dira eta, batez ere, sensore horiek sarera eramango dituen txartel elektroniko txiki bat. Hori da zehazki Particle txartela: etxeko wifira konektatzen da eta nahi dugun sentsorea jarrita (tenperatura, hezetasuna, argia… guztiak aparte erosi beharrekoak) informazioa IFTTT-ra konektatu dezakegu. Muntaia osatzeko eskema elektriko erraz bat eta programa oso sinple bat bakarrik behar dira. Eta oso sinplea diot internetik kopiatu eta itsatsi daitekeelako.

Erradiadore elektrikoa piztu

Ekintzak egiteko zer hobea etengailu bat baino. Edo hobeto esanda, etengailu bezala funtzionatzen duen entxufe adimentsu bat. Luistxok duela aste pare bat Euskadi Irratian erakutsitakoaren berdina, Wemo Belkim etxekoa.

Aurrekoa bezala, entxufea wifira konektatzen da, eta hemen bai, bestelako inolako gehigarririk gabe IFTTT-ra konektatu dezakegu.

Tenperatura 17º baino baxuagoa bada erradiadore elektrikoa piztu

Eta amaitzeko IFTTT-en errezeta osatu. Klik pare bat eta listo.

ifttt

 

Sarri kritikatzen dugu domotika: “Ez da beharrezkoa”, “Ideia ondo dago baina oraindik aplikazio domotikoak ez daude lortuta”, “Sekuritate aldetik zer? Hacker batek labea edo indukzioa pizten badit ni konturatu gabe? Akabo!”. Baina, gauzak norberak egiten dituenean ezin etxekalte hitz egin. Norberak egindako domotikarena izan daiteke etorkizun laburreko domotikaren etorkizun bakarretakoa.