Garcia#42 “Emakumea lan munduan: atzo eta gaur”

argazkiaa

Eta Joxe Lazkanoren proposamena jarraituta Pili Garciak hartu du erreleboa. Joxek hurrengo gaia jarri zion “Emakumeak lan munduan: atzo eta gaur”, eta Pilik zera erantzun du:

Askotan esaten da, emakumeak 20. mendean hasi zuela bere ibilbidea lan munduan. Gure iraganeko andrak lanik egin gabe bizi zirela ulertaraziz.

Emakumeak seme-alaben eta aitona-amonen zainketa hartu du bere gain historian zehar. Lan munduan egoteko aukerarik gabe eta langileen oinarrizko eskubiderik gabe: ordutegirik gabe, jai egunik gabe, soldatarik gabe, gaixotzeko eskubiderik gabe… eta hori gutxi balitz jubilazio propiorik ere ez. Ondorioz, emakumea gizonaren menpekotasunean bizi izan da.

Alde horretatik Bergarako eta Eibarko emakumeak “pribilegiatuak” izan ziren. Ehungintza eta horren alboko fabrikak zabaldu baitziren bertan, lan-mundurako sarrera emakumeei erraztuz.

Hasiera batean gaizki ikusita zegoen ezkondutako emakumeak etxetik kanpo lanean aritzea, gizona behar-beste diru ekartzeko kapazitate falta adieraz zezakeelakoan edota beste gizonei lana kentzen ziotelakoan. Ausartenak eta behartsuenak bakarrik egin zuten salto lan mundura. Baina zabaltzen ari zen bide hori, arnasbide bihurtu zen emakume ororendako.

Lanak askeak izaten utzi zien. Lana bera baino, lan-munduan sartzeak lotuta zekarkien eskubideengatik.

Gaur egun, ibilbide luze baten ondoren, emakumearen integrazioa lan munduan erabatekoa dela esango nuke. Hala ere, hainbat esparrutan emakumeak laneratzeko errezeloak daude eta botereko lanpostuak gizonezkoen eskuetan jarraitzen dute. Estatistikak dioen bezala, soldaten arrakala oraindik handia da genero ikuspuntutik eta ez da erraza izango hori aldatzea, baina orain arte gure aurrekoak lortu izan dutena ikusita, ez izan zalantzarik, guk ere lortuko dugula.

Inork ez digu inoiz eskubiderik oparitu emakumeei eta horrek indartsu egin gaitu. Gure ama, haren ama eta haien aurrekoei esker gaude gauden tokian eta presente daukagun heinean etorkizun oparoagoa lagako diegu gure alabei.argazkiaa

Lazkano#41 “Desobedientzia”

IMG-20211002-WA0000

Asier Altunak azkenekoz Joxe Lazkanori luzatu zion kataia. Aroztegi aretoan, Urriaren 1etik Xra biatartean izango den insumisio mugimenduaren erakusketaren harira zera galdetu dio: zein leku dauka edo edukibeharko luke desobedientziak?

Joxek zera erantzun dio:

 

Desobedientzia

Kataiari jarraitzeko, desobedientziak zer leku daukan edo eduki beharko lukeen galdetu didate, eta galdera zaila dela jakinda, nire iritzi xumea azaltzen ausartuko naiz.

Gaur egun, beste edozein garaitan bezala, desobedientzia zibila behar-beharrezko tresna dela uste dut. Lege eta errealitate ez zuzenen kontrako ekimenek beti izan dute, eta izango dute, gizarte justu eta hobe baten alde egiteko helburua; zoritxarrez asko dira aukerak: hirugarren munduari lagundu, ingurumena zaindu, emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatu…

Helburu horiek lortzeko bada giltzarri bat ezinbestekoa dena: zilegitasuna. Norberak uste duenean zerbait ez dela zuzena, ez duela zentzurik eta gizarteari kalte baino ez diola egiten, aurrera egiten du oztopoak oztopo; ezerek geldituko ez duen ziurtasunak mugak hausteko indarra ematen dio, kosta ala kosta lortuko du, zenbaitetan ordaina garestia bada ere.

Zilegitasuna oinarri, helburua lortzeko bideari imajinazioa eta baikortasuna gehituta, makina geldiezina bihurtzen da desobedientzia. Badira arazoak baikortasunetik eta umoretik heltzea oso zailak direnak, ia ezinezkoak esango nuke, baina posible denetan izugarri laguntzen du alde positibotik heltzeak.

Aroztegi aretoan antolatu den erakusketan desobedientzia zibilaren adibide bat topatuko duzue, 80ko eta 90eko hamarkadetan Bergarako neska eta mutil mordo baten ametsa.

Egia esan, garai hartan ideiak argi samar genituen. Ez zitzaigun ejertzitoa eta haren inguruak irudikatzen zuen gizarte eredua gustatzen. Hasieran, martzianoak ginela zirudien, ezinezkoa eskatzen genuen lau katu; baina, apurka-apurka, zilegitasuna, irudimena eta bide ez bortitzak erabiliz, gizartearen zati handi baten oniritzia jaso genuen, giza eskubideen aldeko lan bat egiten genuelakoan. Inolako zalantzarik gabe, esan behar da azkenean denon arteko lorpena izan zela; guk bakarrik ez genuen lortuko.

Azken batean, desmilitarizazioaren aldeko dinamika sozialak sortze nahi horretan, gure helburua ez zen soldaduska bertan behera uztea bakarrik, ezta ejertzitoak desegitea ere, baizik eta desobedientziaren ideia kontzientzia sozialean sartzea, sistema demokratiko batean dauden arrakalak zuzentzeko asmoz. Askatasun guneak irekitzea posible zela erakutsi ahal izan zen, eta lan dinamika koherente bati esker, errebelatzea posible zela ikusarazi zitzaion jendeari. Neurri batean, geroko zenbait ekimenetan islatu dela esango nuke.

Jarraipena izango duelakoan!!

IMG-20211002-WA0000

Altuna#40

unnamed

Kataian egitasmoko batuta pasa zion azkenekoz Jon Muniategiandikoetxeak Asier Altunari. Honek, “azken urtea zientzia fikziozko istorio asko baino fantastikoagoa izan da…  zein da pelikularen amaiera?” galderari erantzun behar izan dio. Hona hemen bere artikulua:

Ez didazue esango ez dela politta izan konfinamendu garaiako momenturen batean Etxebestetarra sentitzea? Batek baino gehiagok horrela sentitu dela komentatu dit, etxeko egongelan  paseatzen, parean emaztearekin topo egiten zuen bakoitzean agur egiten elkarri, besteren bat paletan jolasten etxeko salan, etxean poteatzen edo orduz kanpo ia ia ezkutuan etxera bueltatzen, Etxebestetarrek egingo zuten bezela.

Miresten dut gizarte sortzailea kapaza dena arazoak gainditzeko modu elegante batean, berasmatzeko eta gainera lortzen duena hori dena humorearekin eramatea. Hori bizitzea polita izan da, pixkat etxebeste sentitzea, bere miseria eta idiosinkrazia kutre guztiarekin.

Guk gaztetan utopian sinisten genuen, mundu berri batekin egiten genuen amets, irudikatzen genuen mundu hobe bat, ederragoa, libreagoa. Eta utopia hoiek irudikatzeko pelikulak kuttun pilo bat genituen. Vittorio de sicca gogoratzen det, Miraccolo in Milano filma, hotzez esnatu diren pobreak eguneko lehen eguzki izpien atzetik korrika…Eguzkia! Eguzkia! Ohiukatuz. Eta beste ainbat pelikula gogoratzen ditut, erramintak eman izan dizkigunak bizitzari aurre egiteko edo mundu berriak sortzeko gurea itogarria bihurtzen denean.

Gaur egun, berriz, zein zaila den modu positiboan bizitzea! Distopiak daude modan, hoiek saltzen dute gehien, hobera baino txarrera joateko arriskua dugula kontatzen digute egunero. Azkenaldian zenbat aldiz ikusi ditugu pandemiei buruzko serieak, katastrofeak, munduaren bukaerak, ejerzitoa kalean? Ez dago besterik!

Gainera, badirudi egoera apokaliptikoak, zientzia fikzioa, gero eta gertuago dagoela gugandik eta pelikula hau hasi  besterik ez dela egin denaren sentzazioa daukat.
George Orwellen distopia harek asko dauka gaur egungo egoerarekin, baina irakurri genduenean, ez genuen imaginatu ere egiten gaur horrela egongo ginenik.
Ziklo  berri baten hasiera dirudi. Goitik behera orain arte bizitakoa aldatuko dela ematen du. Kontsumitzera bultzatzen gaituzten serie eta pelikuletan gertatzen den bezela, informatiboetako gertakizunetako kroniketan bezela. Telebista itzaltzea erreza da, baina, nora doa gizarte hau?

Beste norbaitek idatzitako gidoi bateko protagonista bihurtu garela dirudi. Gainera, ez dirudi komedia bat, dramatik gehiago du. Pelikulako gaiztoaren intentzioak jakitean agian hasiko gara zailtasunei aurre egiten,  berriro mundu hobeago batzuetan pentsatsen, bitartean bakoitzak bere txikian topatu ditzala espazio libreak,  asmatu dezala bizitza, irudikatu dezala hobeago bat, okerretik nahikoa bonbardeo dugu eta.

unnamed

Muniategiandikoetxea#39

jon 1

Iñaki Madinabeitiak luzatu zion azkenekoz Jon Muniategiandikoetxeari hurrengo galdera:

|Bergara bizileku sano eta goxoago bat izan dadin, zein lau ardatz azpimarratuko zenituzke?|

Eta Jonek hau erantzun dio:

Bergara moduko herri bat hobetzeko irizpideak ematea konplikatua da, zer esanik ez sanoa eta goxoa izateko. Biztanleko iritzi bat jasoko genuke….bakoitzaren sentsibilitate, zaletasun, pentsamendu eta ziurtasunen araberakoa.

Azken urtean gertatu dena ikusita, argi dagoena da gure egungo ziurtasunak hiri diseinuan eta lurralde antolaketan oinarritzen diren irizpide guztiak oso azkar birplanteatu beharko ditugula, ia astirik gabe hausnartzeko eta eztabaidatzeko.

Atzera begirada bat emanda, 1981 urtean Kevin Lynch arkitekto estatubatuarrak  argitaratutako “La Buena Forma de la Ciudad” liburua aipamen honekin irekitzen da, eta agian “lau ardatzak” modu egokian laburbildu ditzake: “Guztiak dira berez artisauak, bere patua leku egoki eta iraunkor bat sortzea da, mundu osasuntsu eta eder bat“.

Lau hitz horietan hiri bat eraikitzean kontuan hartu beharko liratekeen oinarrizko helburuak nabarmendu daitezkeela ematen du: funtzionala (leku egokia), tradizioarekin harremana (iraunkorra), herritarrak eta ingurunea zainduz (osasuntsua) eta imajina orokorra ez ahaztuz (ederra).

Baina derrepentean galdera berriak datoz burura, kapazak gara irizpide orokorrak eta baliagarriak emateko?… bizitzeko ingurune on bat nola izan behar duen azaltzeko edozein giza testuingurutan aplikagarria izango direnak?

Beti pentsatu dut ezinezkoa zela hiri mota guztientzat errezeta bat proposatzea. Baina gauzak bateratzen dituen elementu komun batzuk egon behar dira. Nire ofizioagatik lehenengo joera hiriaren formari bueltak ematea dagokio, eta erantzunak baino galderak datorkit burura. Honi helduta Lychek ere zenbait galdera egiten ditu bere liburuan: “Funtsezko kontua gure hirien forma zertan datzan erabakitzea da: Objektu fisiko bizigabeak bakarrik? Edo izaki bizidunak sartu behar ditu? Jendeak martxan jarritako ekintzak? Egitura soziala? Sistema ekonomikoa? Sistema ekologikoa?…….”

Edozein sistema garrantzitsu bezala, hiria beste fenomeno guztietara hedatzen da, eta ez da erraza ebaketa non egin erabakitzea. Nik nire irizpide eta obsesioak ditut, erantzun zehatzik ez.

Baina bai aipatuko nuke gaur egungo hiriak hobetzeko daukagun  eskuliburu eta metodologia guztiak “ekologikoa”, “jasangarria” edo  “erresilientea” moduko hitzak erabiltzen dituztela, hitz hutsak kasu askotan, nork aipatzen dituen arabera. Topikoak atzean utzi eta  elkarrekin birpentsa dezagun nola bihur daitezkeen gure hiriak eta ingurunea pertsonen bizitza babesteko eta hobetzeko leku, inor eta ezer atzean utzi gabe.

Agian, Henri Lefebvre filosofoaren “El Derecho a la Ciudad”  liburuan sakontzen den  “hirirako eskubidea” garatzean dago sekretua eta konplexutasunaren kudeaketan dago hobekuntza, ”aldatzea” beste termino bat da… errazegia.

Hirirako eskubidea denon erantzukizuna izan beharko litzateke, 4 urteroko hautaketa baino askoz haratago, eta etorkizunean bakoitzak duena eta dakiena eskaini beharko du.

Jon Muniategiandikoetxea Markiegi

Madinabeitia#38

Argazkixa IM

Azkenengo kataian Iñaki Madinabeitiari utzi zioten egitasmoarekin jarraitzeko errekaua, hemen bere erantzuna:

Herriak zer garrantzia dauka naturaren eraldaketan? Maddi Larrean galdera horri erantzunez … “GU GEU”

Oin arte, herrixak eta herrittarrak ez ga “natura” edo “ingurumenan” kudeatzaile izan. Zoritxarrez, mendixetan, herrittar gehixenok egunerokotasunian bizitziakin nahikua izan dogu eta kaso gutxi egin dotsagu inguruari.

Gaur egun, konturatzen hasitta gare “naturaren” parte gala, eta gure jokamoldiak lotura zuzena daukela ingurumenan eraldaketan.

Airia, ura, bioaniztasuna, paisaia, ekonomixia, aisialdixa eta bizilekuak koloka larrixan dare, eta gainera krisi klimatiko ukaezina daukagu eskuartian. Ez da hutsezko katastrofismo ipuina. Begi-bistakua da herrixak, mendixak eta osasuna bera hankaz-gora dauzkagula. Begi-bistakua da baitta, gure administrazinua ezikusixana egitten dabilela behin eta berriz, indar ekonomikuei jokua eginez, beste aldera begiratu eta agonixa hori muturreraino luzatuaz.

Ingurumena eta naturan kudeaketia ezin die soilik herrittar gutxi batzun esku laga. Ekonomixa tradizionalak honaino ekarri gaittu. Azkenaldi honetan, mendixei begiratu besterik ez dago. Bergaran bertan eta inguruetan, zer modutako kudeaketia daukagu? Jaso begixak eta begiratu!… bertako basuak ia zihero desagertuta, pinu-landaketak gaixorik, baztar danak pistaz jositta, dana matarrasekin hankaz gora eta maldan behera lurzorua galtzen. Eta hori gutxi ez balitz, forestalista haundixenak die jaun da jabe; eukaliptua eta hazte-bizkorreko beste espezie exotiko batzuk modu masibuan landatzen jarraitzeko asmua dauke. Modu berian, ganaduzale enpresak gero eta haundixaguak die, eta gero eta lur gehixau larretzen dittue, hola lur honek eurendako eskuratu eta abelburu gehixau sartzeko.

Ezinbestekua da herrittarrok, hirixetako eta mendixetako “zerbitzu ekosistemikuak” lehenbailehen balorian jartzia. Espazio publikuak nahiz partikularrak ikertu eta irizpide zientifikuetan oinarrittuta arautu eta kudeatzia; eta ez soilik egurra edo okelian lobbixen (presino-taldien) interesak garatu.

Hirixa bera be, bizikidetza garatzeko espazio anitza da. Kalearteko gune berdiak, oinez-bide, pasialeku, erreka-ondo, jolasgune, aterpe, etxe-ondo eta abar, gaurkoratu eta birpentsatzeko premina latza daukagu.

Herrixak, euren osotasunian, ezin die gaur arteko eredu ultraliberalekin soilik kudeatzen jarraittu. Oinarri zientifikuei jaramonik egin barik daroiagun karrera honek, etekin ekonomiko motzeko ekintza merkantilistak bultzatuaz, amaigabeko krisira lotuko gaittu. Kudeaketa berrixa betiko jauntxuen esku lagatzen jarraitzen baldin badogu, ez dogu sekula konponketarako bidian jartzerik izango.

Aldatzen hasteko ordua da. Lehenengo GU GEU, herritarrak jabetu bihar ga jokuan daukaguna gu danon etorkizuna dala; gu danon bizilekua eta OSASUNA direla. Ezta bromia!

Herrixa espazio konplikaua da; baina erabat danona da. JABETU gaittezen!

 

Argazkixa IM

Larrea#37

Maddi

Azkenaldian askok dugu ahotan Bergara Herri Hezitzailea. Gaurkoan, lantaldeko kide den, Maddi Larreak Marenen kataiari jarraipena emango dio. Hemen bere hitzak:

Marenek zaintza sarearen egitasmoa pandemia garaian sortu zela kontatu digu aurreko artikuluan. Gaurkoan ni pandemia garaian sortu zen beste egitasmo bat aurkeztera nator: Bergara Herri Hezitzailea.

Herri guztiak hezitzaileak direla sinisten dugu, baina hausnartu behar da zein baloretan hezi nahi dugun. Hausnarketa horretan hainbat norbanako batu eta “Bergara Herri Hezitzailea” sortu dugu.

Talde honek bat egin du Oinherri elkarteak  eta  herri hezitzaileen sareak aurkeztu zituen balioekin: Haurtzaroaren kultura onartzea, benetako parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena sustatzea, aisia hezitzailea izatea, euskalduntasuna bultzatzea, aniztasuna eta parekidekidetasuna bermatzea, ingurumen naturala eta kulturala zaintzea, eta komunitate sarea eta auzolana balioan jartzea.

Haurrengandik pentsatutako herri batean amesten dugu, horrelako herri bat guztiontzako aproposa den herria delako. Bidea luzea da, baina nonbaitetik hasi behar da bide hori eraikitzen. Guzti hori errealitatera ekartzeko hainbat ekimen martxan ditugu jada. Hala nola, parte hartze ireki baten auzolanean sortuko den Zabalotegiko eskola zaharreko kanpo espazioaren eraldaketa prozesua. Praktika hau teoriarekin aberasteko hitzaldi desberdinak antolatu ditugu. Horrez gain, herrian pertsonak erdigunean jartzeko urratsak emateko mugikortasunaz hausnartzen ere ari gara…

Aurrerantzean ere hainbat hausnarketa eta ekimen desberdinak egiteko asmoa dugu. Hori guztia aurrera eramateko, oso aberasgarria iruditzen zaigu norbanako edota talde anitzen parte hartzea, puntuala zein jarraia. Esaterako, modu jarraituan parte hartzen ari den lehen taldea Jardun Euskara Elkartea dugu, Herri Hezitzaileen baloreekin bat egiten baitu, besteak beste aisialdi hezitzailearekin eta euskararekin.

Modu batean edo bestean, guztiok daukagu gure herriaren eraldaketa prozesu honetan parte hartzeko aukera. Garaira egokitu eta Bergara Herri Hezitzaileak sare sozialetan ere badu bere espazioa. Beraz, prozesuaren parte izan nahi duen orok sareetan aurkituko gaitu. Atera irekita dago, sartu beldurrik gabe!

Maddik idatzitako testuan, behin baino gehiagotan azaltzen zaigu “eraldatu” hitza. Iñaki, Eraldatze prozesu horretan, natuak bere garrantzia izango duela pentsatzen dut.

Herriak zer garrantzia dauka naturaren eraldaketan?

 

Maddi

 

Belastegi#36

IMG-20201106-WA0010

Bueltan dugu kataian egitasmoa eta oraingo honetan Maren Belastegi Guridi, bergararrak, eskeini dizkigu zenbait hitz. Hain zuzen, bera, konfinamendu garaian zaintza zaretik sortutako “Etxetik Euskaraz Berriketan” egitasmoan parte hartu zuen dinamizatzaile gisa. Hemen egitasmo honi buruzko bere erreflexioa:

ETXETIK EUSKARAZ BERRIKETAN
Martxoan goizetik gauera etxera bidali gintuzten, ondorioz gure eguneroko bizitza
goitik behera aldatu zen.
Euskal Herriko hainbat herritan boluntario sareak jarri ziren martxan, baita Bergaran ere. Sare hauen helburua herritarrak laguntzea izan da arlo
ezberdinetan: erosketak egiterakoan, haurren zaintzan, osasun mentalean…eta baita ere hizkuntza ohituretan.
Hainbat haur eta nerabeei euskaraz aritzeko aukera asko murriztu zitzaiela ikusita , zaintza saretik pentsatu genuen aukera bat litzatekela “Etxetik
euskaraz berriketan” programa martxan jartzea.
Haur eta nerabeekin astean behin edo bitan bideo deiak egiten genituen. Lehenengo deia ezen erraza izan baina behin aurkezpenak eginda, taldean oso giro polita sortu zen.
Boluntarioentzat oso aberatsa izan da, konturatzen zara zein zorte daukagun gure egunerokoan euskaraz bizitzeko aukera dugulako. Familiek ere, asko eskertu dute, beraientzat ere garrantzitsua da euren seme-alabek euskara praktikatzeko aukera izatea.
Orain berriz eskolara itzuli dira, seguru nago uda aurretik egindako bideo deiak arrastoa utzi dutela.
Espero dut hemendik aurrera ere, haur eta nerabe hauek euskara praktikatzen jarraitzeko aukera izatea.

IMG-20201106-WA0010

Arteaga#35

31102019-_9DS3952

Oraingoan Alex Arteagak, Brigade Loco taldeko kideak, hartu du hitza eta gaur egungo gazteon artean euskal musika entzutearen  garrantziaren inguruan eta euskal referenteak eukitzearen inguruan egin digu berba. Jarraian Alexen hitzak:
Musika mundua zabala den heinean, toki zein momentu ezberdinetatik bizi daiteke eta orain dela urte gutxi hasi nintzen, guztia oholtza gainetik bizitzen. Musikari bezala lehen esperientzia orain dela 5 urte izango zen baina ez ziren proiektu sendo edo serioak. Azken bizpahiru urteetan aldiz talde edo proiektu serio bat jarri genuen martxan, kontzientzia ahaztu gabe alderdi ludikoa beregain hartuz.
Nahiko fresko daukadanez, gogoratzen ditut “Brigade Loco-k” eman zituen lehen pausoak. Ilusioa eta ezjakintasunaren arteko nahasteka bat zela esango nuke, hasieran ez genekien guztiak zein bide hartuko zuen, ezta nola bideratu bide hori. Denboratxo bat pasa behar izan zen egun garen formaziora iritsi eta egiten ari garen guztia egin arte. Hasieran 3 besterik ez ginen eta entseguak nahiko arraroak izaten ziren: bateriarik gabe, ekipo aldetik eskasa, nik abesten nuen…hasierak beti izaten dira zailak edo arraroak. Joten genituen abesti guztiak bertsioak izaten ziren, batzuk euskaraz eta beste batzuk erderaz. Ez geneukan aukeraketa egiteko arrazoi edo irizpide garbirik, bizitza osoan ikusi eta gure influentzia izan diren taldeak zirelako egingo genuen. Baina bada apur bat paradoxikoa gure izena ingelesez abesten duen talde baten abesti batetik hartzea…
Denborak aurrera egin ahala eta guztia talde izaera sendo bat hartzen hasi zenean, lehen diskarako hartu genuen erabaki bat letra guztiak euskaraz egingo genituela izan zen. Gure hizkuntza da eta naturalki ateratzen zaigu letra bat idazterako orduan euskaraz egitea, baina, inguratu gaituen mugimenduan talde askok eta askok gaztelaniaz idatzi izan dute edo idazten dute. Norberaren hautu pertsonala da hizkuntzarena baina sarritan galdetu izan naiz zergatik abestu dugun euskaldunok sarritan elebidun izaera horrekin. Urteak joan eta urteak etorri bizi izan dena errepresioa izan bada ere, musika herriak, herritik eta herriarentzat egindako zerbait da beraz gizarteak pairatzen duen guztiaren arabera jasango ditu aldaketak. Baliteke gure hizkuntzak garai latzenak pasa dituen uneetan, euskararen biziraupena izango zela ardura nagusia eta hori dela eta sortu ziren mugimendu edo talde ezberdinak eta bestelako arazo edo kanpo influentziak egon direnean hautua beste bat izan dela.

Musikari eta gazte bezala esango nuke euskaraz egiten den musika kontsumitzeak berebiziko garrantzia eta influentzia zuzena duela. Nik musika beti bi alderditan sailkatu izan dut: batetik, alde ludiko bategatik egiten da musika, ondo pasatu, dantzatu eta abesteko eta hori gehienetan erritmo eta doinu kontua izaten da. Beste alde batetik, helarazi nahi den mezua dago; letraren bitartez bidali, azaldu edo oihukatu daitekeena. Bi alderdi hauek batera osatzen dute musikak duen zentzua niretzako eta honek influentzia zuzena dauka gazteengan. Letretan kontatzen dena, gure kasuan behintzat, egun jasan behar izaten ditugun injustizia, arazo, ezbehar edota gertakari historikoak izaten dira eta hauek mezu bezala ulertu behar dira. Bizi dugun errealitatearen kontaketa bat da eta hau gazteengana gure hizkuntzan bideratzea altxor bat da. Beraz dagokion garrantzia badauka musikalki euskaraz aritzeak.

Azkenik esango dut bai musikaren alorrean edo beste alor askotan erreferente euskaldunak izatea eta are gehiago gure kulturan. Zergatik? Euskaldunon identitatea osatzen duten alderdi kulturalak zaindu behar ditugulako eta berau osatuko duten adituak izan, hauek herriari kontzientziarako
bidea eman eta indartzeko.
Amaitzeko esan nahiko nuke erreferenteen garrantzia eta influentziaz gain are eta garrantzitsuagoa dela hauek aurrera eramateko espazioak jendeari ahalbidetzea. Hori dela eta nire esker eta miresmen handiena gune autogestionatu guztiak aurrera eramaten dituen jendeari.

31102019-_9DS3952

Elorza#34

Ander

Azkenengo Kataian Izaro Aperribaiek izan zuen bere hitza emateko aukera eta musikaren munduan mugitzen jarraitzeko asmoz Ander Elorzari, Fly Shit taldeko kideari, pasatu zitzaion kataibegia. Hemen bere artikulua:

 

Musika munduan hasi berriak diren talde gehienek egin ohi duten bezala, gu ere gustuko taldeen abestien bertsioak egiten hasi ginen; batzuk euskaraz ziren, baina beste asko gaztelaniaz edo ingelesez (guk watxiweriz). Bertsioak egitetik sortzera salto egin genuenean, orduan bai, orduan euskaraz hasi ginen, eta harrezkero kantu bakarra egin dugu gazteleraz (lehenengo diskoan sartu genuen). Gerora, idazle desberdinen testuak erabili ditugu eta jatorrizko hizkuntza gaztelera edo ingelera izan arren, guk euskaratu egin ditugu, horrela geureago egin eta esaten ari garena ulertzeko, mezuak ere garrantzia baitu.

Ez dut gogoratzen hasieran hizkuntzaren hautuaren gaineko eztabaidarik izan genuenik (24 urte pasa dira eta), baina esango nuke, hasieratik argi izan genuela euskaraz izan behar zela. Alde batetik gure hizkuntza delako, eta bestetik, esan bezala, mezuari ere garrantzia ematen diogulako betidanik.

Taldea sortu genuen garai hartan gutako batzuk eragile desberdinetan parte hartzen hasiak ginen: Txapa irratia, Gazte asanblada edota Euskal Herrian Euskarazen esaterako, eta talde horietan, inguruan eragiteko hizkuntza euskara zen legez, guk ere gure inguruan eragin zuzenagoa izateko euskeraz egiten hasi ginen eta horrela jarraitu dugu. Hori bai, musika entzuteko garaian guretzat ez da oztopo zein hizkuntzatan dagoen sortua, gustukoa izatea da baldintza bakarra.

Euskaraz abestea ez da limitazioa izan, zorionez ez baikara ez lehenak ezta azkenak ere, eta gure aurretik, paraleloan zein ondoren beste batzuk ere zabaldu dute bide hori. Horrez gain, gure eremu naturala Euskal Herria da, penintsulako beste hainbat tokitan ere jo izan dugun arren, Catalunya, Zaragoza, Asturias edota atzerrian Eskozian, baina ez da egon eragozpenik.

Eta izena zergatik ingelesez? Talde bati izena ipintzea ez da lan erraza. Lehen kontzertua lotuta genuela uste dut, baina izen bat behar genuen eta han hasi ginen ideia desberdinak botatzen, hiztegia begiratzen… Guri gehien gustatzen zitzaizkigun taldeek izen ingelesa zuten, gehienak amerikarrak baitziren, eta bapatean “Fly Shit” irten zen; sonoritatea guk gustuko genituen taldeen antzekoa zen eta esanahia (euli kaka) nahiko punkia, buelta asko eman gabe onartu genuen, momentuan horrela irten zen. Eta gerora ez dugu aldatu.

Guretzat euskaraz abestea berezitasun positibo bat dela esango nuke, ez baitago guk jorratzen dugun musika estiloa euskaraz egiten duen talde askorik, eta hala ere, sare sozial desberdinen edota bandcamp bezalako plataformen bitartez gure musika zabaldu izanak, Erresuma Batuko, Espaniako, Quebeceko edota Hong Kongeko irratietan gure musika entzun ahal izatea ahalbidetu du.

Eduardo Galeanori euskaratu genion eta “Utopia laztantzen” abestian diogun bezala Jende txiki askok, gauza txikiak eginez leku txiki askotan alda dezake mundua. Eta bide horretan jarraitzen dugu, musika ondo pasatzeko egiteaz gain, gure inguruan eragiteko ere egiten dugulako.

 

Ander

Argazkia: Koldo Eizmendi

Aperribai#33″Egia esan”

IMG_20191110_112017

Oraingo honetan, Elvis Caino (Izaro Aperribai) musika kultur sustatzaileak izan du “kataian” jarraitzeko erantzunkizuna. Bittor Pozak gaur egungo musikaren panoraman euskara nola ikusten duen galdetu zion. Izarok, honela erantzun dio:

Egia esan, orain arte Bittorrek aurreko Kataian bota zizkidan galderaren erantzunik ez dut izan. Eta inoiz sortu edo izan badut, ez naiz oroitzen, ni ez bainaiz sortzailea eta sekula ez diot garrantzirik eman abestietan erabiltzen den hizkuntzari. Ez dut hizkuntza bat edo beste baten artean aukeratu beharraren dilema karriatu.

Hartzaile moduan, entzuten dudan musika guztia bere osotasunean hartuta, proportzioan  euskaraz abesten den musika gutxi entzuten du, baina uste dut, esan ahal dudala euskara gaur egungo musika eder askoetan dagoela. Abestia ondo eginda dagoela uste badut eta disfrutatzeko dohainak dituela iruditzen bazait, berdin zait euskaraz edo beste edozein hizkuntzatan egina dagoen. Ez dut abeslari euskaldun bat aukeratzen euskaraz abesten duelako, gustatzen zaidalako baizik.  Musika bat bakarrik euskaraz delako entzungo banu, nire ustez txarra den musika asko entzungo nuke. Adibidez, Itoiz ona delako entzuten dut,  Vendetta ez ordea, nahiz eta euskaraz abestu.  Hortaz aparte abeslaria euskalduna izanda ere erdaraz abestu eta gainera ondo egiten badu, ba ondo egiten du eta kitto. Ez dut traidore bat dela uste. Euskal Herrian dugun egoera linguistikoari bizkarra ematen ez dion bitartean, niri bost.

Mezulari moduan, musika euskaldun gehiago ez ipini izana leporatu didate batzuetan. Neure aldaretik euskal musika sustatu eta zabaltzeko betebeharra dudala. Eta pena txiki bat geratu zait bihotzean neure ikuspuntua behar bezala ezin izan dudalako azaldu. Inoiz saiatu al zarete goizeko hiruretan, taberna topera eta musika jendartean indarrez sartuta dagoenean, agintari moduak erabiltzen eta zigarroa zure sudurpean jarriaz etortzen den mozkorti bat, solasaldi lasai batekin konbentzitzen? Ba hori. Zu kabroi bat zera eta bera mundua arreglatzera etorri da. Nire pintxadak ez dira mitinak, kultura guneak baizik. Txo, ez ba zara kapaza euskal musika ez den zeozekin disfrutatzen, arazoa ez da nirea!

IMG_20191110_112017