#BTN57

#BTN57

Prospektiba ariketa txukuna iruditu zitzaidan duela pare bat urte Wired-en irakurritako artikulua: Super Bowl-aren 50. urteurrena aitzakiatzat hartuta 100. edizioa nolakoa litekeen irudikatzen zuena. Urtemugen paralelismoak (urte berdintsuan hasi ziren eta biak 1960. hamarkada erdi aldera) Durangoko Azokarekin jolas berdina errepikatzera eraman nau behin baino gehiagotan, baina distopiarako noranzkoan nire burua errazegi erortzen aurkitu eta baztertu dut bidea saiakera bakoitzean.

Duela egun gutxi, baina, BECeko harmailetatik Bertsolari Txapelketa Nagusiaren etorkizunak mami gehiago izan ahal zezakeela iruditu zitzaidan edo aukera argitsuagoak gutxienez. Izan ere, 1980. urtean bertsolarien atzealdean Euskaltzaindiako alfonbra itsusi hura beharrean pantaila erraldoi bat izatea edo BEC bezalako eraikin batean ia 15.000 pertsona batzea sinisten zaila litzatekeen bezala, gaur egun lauso ikusten ditugun zenbait berrikuntza arruntak izan daitezke 2057an.

Demagun 2057ko abenduko igande euritsuan gure kotxe konpartitu auto-gidatuarekin Barakaldoko BEC Barria-ra iritsi garela. Jende pilaketarik itxaron gabe pasa gara gure jarlekuraino, kamerek ezagutu gaituzte atetik sartu ahala eta automatikoki ziurtatu dute sarrera aurrez ordainduta dugula. Eraikin berriko 50.000 ikusleak oholtzaren inguruan eserita gaude eta birak ematen dizkio agertokiak bere buruari astiro guztiok noiz edo noiz bertsolariak parez ikus ditzagun, beraiek mugimendua ia ez antzemateko abiaduran.

Betaurreko adimentsuak lentilla bihurtu zirenetik zaila da antzematen nork erabiltzen dituen eta nork ez, baina ikusle gehienek baliatzen dituzte Xenpelar zentroko estatistika datu-base erraldoiak dioenez. Posible dugu horrela bestelako pantaila gabe gure lentilletan bertsolarien irudia handitzea edo denbora errealean bertsoaren testua gainidatzita irakurtzea. Aplikazio berri batek bertsoaren kontaketa aintzat hartu eta oinarrizko hiru dimentsiotako birsorkuntza gainjartzeko gaitasuna ere badauka, baina audientziaren gehiengoak nahiago du bertsolariaren maskara gardenari soilik so egin.

Agertokiaren erdian mikrofonoaren babes gabe dihardute bertsolariek bakarka eta elkarri begira zokoratuago bikoteko ofiziotan. Oholtza biribilaren eremuan komunikazio eta konputazio oro galarazten dituen interferentzia eremu bat dago, isiltasun digitalaren kartzela “gogorrean” horrela diote bertsolariek beraiek kantatzen ari direla. Salbuespen bakarra, aurten lehendabizikoz finalera iritsi den Laia Ametller menorkarrarena da: honek kantatzean itzulpena entzun dezakete gainontzeko finalistek eta berak gainontzekoek kantatzean berdin. Puntu erdiagatik pasa da Laia finalera bederatzigarren gelditu den BertsoBot-Zero inteligentzia artifizialaren azken bertsioari gailenduta. Paradoxa ere bada, puntuazioak kalkulatzeko epaileek erreferentzia bezala darabilten programa berberak bere burua finaletik kanpo uztea iradokitzea.

Etxetik ikus-entzuten dute bertso-saioa euskaldun gehienek BEC Barria-n baleude bezala kasik, beraiek hautatutako ikuslearen ikuspegia partekatuta. Euskal Herritik kanpo ere erruz zabaldu da ekitaldiaren sona eta asko dira herrialde katalanetatik, Mexikotik, Sardiniatik eta bat-bateko inprobisatzaile kulturak dituzten bestelako herrietatik ikuskizuna zuzenean jarraitzen dutenak, baita estatubatuar eta txinatar new-hip-hop zale askok ere. Horretarako itzulpengintza automatiko errimatuaren azken programa baliatzen dute.

Apustu gehienetan aurreikusi legez, txapela 81 urteko Maialen Lujanbio gazteak jantzi du berriz ere, eta pozik itzuli gara etxera bertsozaleak, hurrengo eguneko hiru orduko lan-aldi estandar gogorrari aurre egiteko gogotsu. Errimak biharamun gozoa izan behar du nahitaez eta gozo errima nahi du biharamunak behar izanez.

Hitzak eta aditzak: bi galdera eta erregu-eskari bana

Hitzak eta aditzak: bi galdera eta erregu-eskari bana

Galdetuz gero, Koldo Zuazo EHUko filologia irakasle eibartarrak gaur egun erabiltzen ditugun euskarazko berba aldaera asko erdi-aroan Gasteizen (mendebaldekoak) eta Iruñean (ekialdekoak) sortutakoak direla erantzungo liguke (Euskalkiak, 2014, Elkar). Zergatik han? Bada botere (adib., apezpikutegia) eta merkatu gune zentralak zirelako: bertara biltzen zen jendea, bertan zeuden elkarrizketa interesgarrienak eta bertatik zabaltzen ziren berritasunak herri txikiagotara.

Gaur egun jendea eta elkarrizketak non zentralizatzen diren itaunduz gero gutako inork ez luke zalantza egingo: Interneten. Azkenengo bi hamarkadetan badira hainbat hitz eta aditz handik eguneroko hizkuntzan txertatu direnak, googleatu izan liteke adibide paradigmatikoena. Gure filologoek, baina, egin dute gogoeta: to google edo googlear erdal erreferenteak behar ditu lehendabizi euskaldunak ostean googleatu erabiltzeko. Lerro honetatik, berriki zabaldu da sareetan RAEk arrobar (@-tik) onartu duela gaztelaniaz, erdal bizilagunek badakite propaganda egiten. Arin proposatu dugu kalkoa:

Galdera hauek azkenengo erregura garamatzate: izango al du euskarak erdi-aroko Gasteiz edo Iruñea pareko hiribildurik Interneten? Sortuko dugu berezko hizketa freskorik?

Bada esperantzarik txikitik. Bosturteko bat joan da Twitter-herriak aditz trinkoen sukarra berpiztu zuenetik, badakizue, ‘joan da’ beharrean ‘doa’ bezala ‘me la suda’ ordez ‘dizerdit’ zioten txoro horiek. Beste hainbeste denbora, Hitzokei-ri esker milaka euskarazko hitz zoro berri sortu ditugula; azaroko bat etsenplu:

Handirako hordagorako, eskari bat UZEI terminologia-lexikografia zentroari eta Euskaltzaindiari proposamen formatuan: era ofizialean amaitzear dagoen urteak eman dituenei erantzuteko asmatu ditugun hitz eta aditzen zerrendatxo bat zabalduko balitz?

Makinen puztea

Makinen puztea

Demagun ordenagailua zientzia-fikziozko pelikula nabarmenenen gidoietako testuekin elikatu, labekada bat 170º-ra eta makinari gidoi berri bat sortzeko eskatzen diogula. Hori berori da Surprising (Oscar Sharp, 2016) film laburra, bogan dabilen machine-learning edo makina-ikasketaren ikus-entzunezko erakusgarria.

Film laburra bukaerara arte ikusteko irina eta legamia izan badituzu, ados izan gaitezke adimen artifizialak sortutako pelikularen ezer gutxi ulertzen denaz. Esandakoetan zentzu izpi txikiren bat balego ere, 50 gramoko azukre koxkor hori urrun dugu oraindik gutxienezko koherentziadun eduki oso bat izatetik. Sasi-neuronen saretzean eta kontzeptuen arteko erlazioetan oinarritutako teknologia sortzaile honi handi zaio oraindik giza-lengoaiaren gai pikortsua.

Bestelakoa da unibertso mugatuagoa eskatzen duten arazoen kasua. Adibidez, Google-en AlphaGo makinak Asiako ekialdean xakea baino ezagunagoa den Go jokoan jokalari profesional korear bati irabazi dio aurten. Go jokoan jokaldi posibleen eremua horren da handia, ezin direla erabakiak aurrez jokatutako errezetetan oinarritu eta, hortaz, xakean DeepBlue ordenagailuak Kasparovi irabazteko erabilitako datu-base estrategiak ez du balio. AlphaGo makinari Go jokoan jokatzen irakatsi behar izan diote, masa irabiatu eta lantzen, ordenagailuak unibertso txiki horren barruan maisuki eta era original batean mugitzen ikasi duen arte.

Edonola, ordenagailuen maisutasuna nabarmentzen den jogurt-poto txiki hori puzten doa. Bi arrautza adibide. Bat, abokatu estatubatuarren batzuk erabiltzen omen dituzte teknologia hauek lege-kasu arraroei oinarridun formulazio eta limoi-azal ukitu berriak emateko. Eta bi, Google beraren Allo mezu-aplikazio berriak badu pareko algoritmo bat zure txokolatezko erantzun zaharretan oinarrituta intxaur-testu berriak proposatzeko.

Ni ere kolaborazio zutabeen moldea olioztatzeko horrelako teknikak erabiltzen hasi naiz eta, zerikusirik ez badu ere, baita bizkotxoa egiteko errezeta definitiboa lortzeko. On egin!

Elkarrizketaren abiadura

Elkarrizketaren abiadura

Toba sumendiaren hondamendiaren teoriaren arabera, ez omen ziren inolaz ere hamar milara iristen gure garaiaz aurretiko 70.000. urteko lur planetako biztanle guztiak. Garai hartan kokatzen dute ikerlari batzuek ahozko hizkuntzaren jaiotza ere. To, teknologia berritzaileena elkarrekin hitz egitea zuen hamar mila pertsonako mundu bat.

Ordutik, berrikuntzak geroz eta bizkorrago zabaldu dira mundu geroz eta jendetsuagoan. Azterketa genetikoek berresten dute talde txiki horren ondorengoek 55 milurteko eman zituztela jatorrizko Afrikatik hasi eta gainontzeko kontinente habitagarri guztiak populatzen. Nekazaritza lanek eta idazketak milurteko gutxi batzuk baino ez zituzten hartu Europara iristeko K.a. 10.000. urte inguruan Ekialde Ertainean neolitoa hasi zenetik. Romulo eta Remoren kondairatik bederatzi mendetan zehar hirurogei milioi biztanlera zabaldu arte hedatu zen Erromatar zibilizazioa. Inprentari esker berriz, erreforma protestanteak dozenaka milioi pertsona erakarri zituen XVI. mendean hasi eta ehunurteko eskasean. Aro gaikidearekin batera, lastertasunaren neurketa zehatzagoa daukagu: hirurogeita hamabost urte behar izan zituen telefono finkoak ehun milioi erabiltzaile lortzeko; berrogei urte, ostera, irratiak; hamasei, telefono mugikorrak; internetek, zazpi urte; Facebookek, lau; eta Candy Chrashek, urtebete eskas. Aurten, Youtube bitartez 1.000 milioi ikuskatze lortu ditu Adele kantariaren “Hello” pop-kantuak 87 egunetan.

Berehalako berrikuntza-zabaltze masibo hauek lilura bi, gutxienez, sortzen dituzte. Bata, arrakastaren tamaina milioietan neurtzearena. Bestea, gizartearen aldaketa-abiadura berrikuntzenen parekoa dela pentsatzearena.

Lilularik ez; pop musika ixilarazi. Aplikazioak desinstalatu, interneta kendu eta sakelekoa itzali. Telebista, irratia, bestelako telefonoak, prentsa eta liburuak etxean utzi. Lana eta bidaiatzea bizitzaren ardatzetik desplazatu. Herriko plazara irten eta berbaldi gordin baten jauzira dago hamar mila pertsonako mundu bat. Ez alperrik, berehalakoen eta masibotasunen garaian ere, arrakastek eta aldaketek gozatutako konbertsazioen abiaduran egiten dutelako aurrera oraindik.

Goienako Puntua astekarian ere argitaratutako idatzia

Konputazioa eta Politika

Konputazioa eta Politika

Ordenagailu arruntek argi-indarrak kable bat zeharkatu ala ez egiten dute lan; bat edo zero: sistema bitarra“. Hitz hauek dira Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak kazetari batek konputazioari buruz egindako galdera bihurri bat erantzuteko erabilitako lehenak. Politikari batek teknologiaz oinarrizkoak jakin eta komunikatu ahal izate hau izugarri txalotu da azken egunetan, batez ere, ohituta ez gaudelako. Gogoratu bestela kazetari batek Patxi Lopez lehendakariari ea Arkimedesen printzipio ezagutzen zuen galdetzean honek erantzun zuen perla.

Edonola, badatorren politikari belaunaldi berri batentzat teknologia ez da alor arrotz bat izango. Bereziki konputazioa. Eta zehatzago konputazio soziala. Sare sozialetan informazioa da argi-indarra eta erabiltzaileok egiten dugu etengailu lana. Atsegin dut edo ez. Bertxioa edo isiltasuna. Sare-soziala informazioa prozesatzen duen ordenagailu erraldoi bat bihurtuz.

Obamaren bigarren kanpainan, 2012an, sare-sozialetan eragiteak emaitzetan garrantzi erabakitzailea izan zuela inork gutxik jartzen du zalantzan. Gaur egun, pauso bat urrunago joanda, oihartzun geroz eta ozenago batek dio politikariek sare-sozialen analisia erabiltzen dutela programa politikoak osatzeko. Ideiaren erakusgarri izan daiteke fikziozko House of Cards telesaileko azken denboraldian Underwood politikari makiavelikoaren arerio errepublikar berriak bide honen erabilera onartzea.

Horrelakoek, begi bistan uzten dituzte sare-sozialen mugak. Alde batetik, sare hauen datsegitearen kulturak erabiltzailea sinplifikatzea baino ez du bilatzen, erabiltzailea bera konputagarri bilakatzea eztabaida sakonagoen kaltetan. Eta bestetik, sare-sozialetan asimetria izugarri bat dago erabiltzaile arruntaren eta sarearen ikusgarritasun osoa duten Facebook edo Twitter bezalako konpainia berzentralizatzaileen artean. Datu kantitate handiak oparitzen dizkiegu beraiek negozioa egin dezaten. Gu bihurtzen gara beraien ordenagailuko transistorea.

Erantzuna blogak eta sare-sozial propioak direla esaten badaramagu denboratxo bat Euskal Herrian, oihartzun politiko txikiarekin.