Valve: Steam (Machine/Controller/Link)

Valvek bideojokoen mundua aldatu duela esaten baldin badut (GOG.com-en baimenarekin, noski), ez dut uste astakeririk esaten dihardudanik.

Lehenengoa Steam izan zen. Bideojokoak online erosi eta edonon zure kontuarekin sartu eta jolasteko aukera ematen zuena (internet konexioarekin jeitsita, noski).

Gero Steam jokoen munduan kontsolidatzeko nahian, Steam OS sortu zuten. PC bat kontsola bat moduan erabili ahal izateko ubuntu distribuzioan oinarritutako GNU/Linux sistema bat.

Steam Machine

Steameko jokutan jarduteko makina da. Ohiko kontsolak ez bezala, makina hauetako modelo asko daude eta batzuk merkeakoak (eta ahulagoak) dira eta beste batzuk askoz garestiagoak (eta edozein joko PS4-ak nahiko luken kalitatez mugituko dituztenak). Berez, eta etorkizunean horrela izateko itxaropena badut, makina hauek Steam OS mugitzeko prestatuak lirateke. Hala ere badaude Steam-ekin jolasteko makinak Windows sistema eragilearekin mugitzen direnak (Alienware-k adibidez baditu batzuk). Izan ere, joko asko oraindik ez daude berezko GNU/Linux-erako eginda (zorionez hau aldatuz dijoa, eta neurri haundi batean Valve-ren apostuari esker).

Honek, gure etxeko ordenagailua Steam Machine batean bilaka dezakegula esan nahi du.

Steam Link

Baina, kontsoletan jarduten direnentzat, ordenagailuak baditu bere alde txarrak. Egia da gamer askok iada ordenagailua periferikoz josi eta kontsolaren ezaugarri guztiak inplementatzen dituztela (USB bidez kontsolarenaren tankerako mando bat, monitore haundi bat, jokuak era eroso batean bilatu eta exekutatzeko software zentro bat, kaskoak mikrofonoarekin eta elkarrizketarako softwarea…), baina estandarrik ez dago.

Steam Link-ek, ordenagailuarekin kontaktua egin dezake gure etxeko sarearen bidez, eta irudia FullHD 60fps-tan (irudi segunduko) telebistan erakutsi HDMI konexio baten bidez. Gainera kaxa honi, aginte bat jartzea posible izango dugu. USB (3 ditu) bitartez lotuko zaio eta Steam Controller-az aparte, XBox eta Xbox 360-ren aginteak, Logitech Wireless F710 agintea eta xagu naiz teklatua erabili ditzakegu. Gainera Bluetooth 4.0 ere badauka. Wifi eta Ethernet konexioak ere baditu.

Steam Controller

Eta Steam-ek ere aginte bat sortu du. Kontrol oso zehatza emango duela diote eta itxaropen asko dauzka jendeak honen inguruan. Hona hemen ezaugarri batzuk:

  • Trackpad bikoitzak.
  • Ukimenarekiko erantzuna HD-n.
  • Stick analogikoak.
  • Sakatze bikoitzeko tirotzaileak (katutxori ez diot zentzurik ikusten).
  • Giroskopio eta azelerometroak, hainbat egoera ezberdin emulatzeko balio dutenak.
  • Agintearen elementuak berrezarri ditzakegu gure beharretarako.
  • Kable edo kablerik gabe (biak batean).
  • USB 2.0 edo Micro USB konexioa.
  • Kablerik gabe 5m-arteko gaitasuna.
  • AA motako 2 pilarekin 40 ordutik gorako autonomia.

Indartsu sartu daitekeenaren susmoa dut. Eta zuek?

Gipuzkoa Encounter 09

Ez ditut urteetan zehar kazetariei erantzuten jardun izan dudan galdera berdinak erantzungo: “Oso azkar al dijoa interneta?”, “Asko jeitsi al duzue?”… eta bata bestearen atzetik antzeko galderak izan ohi dira beti kasu gutxi batzuk salbuespen.

Aurten ere Gipuzkoa Encounterrean izan gara Willix-ok. 9. edizio honetan ere ez dut ezer jeitsi, sarean zerbait elkarbanatzen jarri eta lagunekin jolastu, sortu, hitz-egin eta beste jarduera batzutan parte hartu dugu; hala nola, “Euskal-chef”, “Mahai-jokoa” batzuekin jokatu, “Oculus Rift 2” probatu dugu eta lagunekin kristoren esperientzia bizi izan dugu interneta edo sarea hobeto esanda, aitzakitzat erabiliz.

“Lan party” hauetako baten gauzarik onena, norberak behar eta nahi duena egiten duela da. Etxean egin ditzakegun gauzez aparte, lagunekin egon eta esperientzia eder bat bizi izateko aukera paregabea da.

Txapelketak ugariak eta era guztietakoak dira, interneteko online jokoak, dantzatzeko txapelketak, bideo-saio izugarri dibertigarriak, produkzioak (musika, irudiak, muntaia eta ahotsak jarriaz…).

Egia esan, partyetara etortzeko nire arrazoi indartsuena urte guztian zehar ikusten ez ditudan lagun eta pertsona maite askorekin egon ahal izatea da (eta urte askotarako).

Gauza asko esan ditzaket, baina benetan hau zer den jakin nahi duenak, etorri egin beharko du. Ia hurrengoan, ados?

Gamerauntsia Eskuliburu Ilustratuan

Bart Bergarako Txapa irrati libreko Eskuliburu Ilustratua saioan izan ziren Gamerauntsia.eus-eko Urtzi (GE: profila) eta Xabier (GE: profila). Biak ere Mikel eta nire (GE: profila) galdera korapilotsuak erantzuteko gai izan ziren, eta post honetan entzungarri dituzue elkarrizketan esan zirenak.

Eskuliburu_gamerauntsi

Hurrengo audioa Eskuliburu Ilustratuko 13. saioaren podcasta da (arrosasarea.org edo txapairratia.org-en aurki dezakezue baita). Lehen erdia Bergaran jaiotako euskal sendagile eta intelektual ospetsua izan zen Justo Garate Arriolari eskaini diogu.
Gamerauntsiko elkarrizketa osoa 31. minututik aurrera entzun dezakezue.

Hemen audioaren LINKa. (Deskargatzeko, xaguaren eskubiko botoiarekin “Gorde honela”).

 

Homo Ludens – Jokoa

Hasteko: Jokoa eta Jolasa.

Labur-labur esanda, jokoa erregelak dituen, irabazle garbi bat definitu dezaken eta mekanika jakin bad daukan ekintza da. Jolasa berriz, “Lehiaketarik ez denean (soka-saltoan, bale-baleka) edo denbora pasa jokatzen denean” (Etxebeste 2002) gertatzen dena da. (ekintza eta gertaera, hurrenez hurren, eta izan ere “jokatzen dugu” eta “jolasten gara” esateak ere badu bere arrazoia.

Jokoaren natura eta esanahia zantzu kulturalean (Johan Huizinga):

Jokoa kultura bera baino zaharragoa da. Kultura kontzeptuak, naiz eta sarritan ez den ongi definitzen, gizartea hartzen du oinarritzat. Eta animaliek ez zioten gizakiari itxaron hauek jokatzen irakasteko.

Huizingak garbi uzten du animaliak gizakien aurretik jokatzen zutena. Jokatzearen zantzu esanguratsuenetako bat, jostagarria izatearena da.

 

Huizingaren arabera hauek dira jokoak izan beharreko 5 ezaugarri nagusiak:

  1. Jokoa askea da, funtsean askatasuna da.
  2. Jokoa ez da bizitza “arrunt” edo “erreala”.
  3. Jokoa bizitza “arrunteko” bai lekutatik eta denboratik aldentzen da.
  4. Jokoak ordena sortzen du, jokoa ordena da. Jokoak orden oso eta absolutua behar du.
  5. Jokoak ez du interes materialekin zer-ikusirik eta ezin da etekin (materialik) lortu beragandik.

Eta hori zer dela eta?

Ez dut hemen, jokoaren teorian gehiago sakontzeko beharrik ikusten. Baina eztabaida asko eta zantzu ugaritakoak sortzen dizkidan gai bat da hau.

Ez al da egia beste leku gehienetan baino askogatik ere beranduago, zailtasun gehiagorekin, zalantza handiagoekin eta erosotasun gutxiagorekin sartzen direla hemen (Euskal kulturan, jokabide kodean) joko elektroniko, mahai-joko eta rol-jokoak?

Nire iritzia da. Poliki-poliki normaltasunera dator, baina kanpoan orain 10 urte normala zena orain hasten da normaltasunez ikusten hemen. Ni adibidez ez naiz sekula oso kontsola zalea izan, baina hala ere hemen pertsona helduek askogatik gutxiago erabili izan dituzte kontsolak europako beste lekuekin alderatuz, zer esanik ez AEB edo Japoniarekin. Eta mahai jokoen kontsumoa hiriburuetatik at oraindik ere kostata hazten ari da. Eta jokoa maite dugu. Tankerakoak baita, hor karta jokoak; mus txapelketak eta orain gutxi horrenbeste hasi zen poker jokoa (Honek eta futbolak [beti-ere maila amateur batean] Huzinga-ren 5. legearekin tupust egingo ez duela pentsatu nahi dut).

Hala ere, internetaren aro berri honetan gazteen informazio sarrera iturriak asko hedatu eta aldatu dira eta badirudi hurrengo belaunaldiak beste ikuspuntu batetik dihardutela jokatzen entretenimendurako mundu berri honen aurrean.

Honek post edo kafe bat baino gehiagorako emango luke…

Beste erreferentzia interesgarri bat.

MOBA jokoak

Game Erauntsi-an askotan aipatua izan da jokoen genero “berri” hau. Txapelketaren bate ere egin izan da eta arrakasta izan duela dirudi. Baina nondik dator MOBA?

MOBA bateko pertsonaia (pieza) posibleak.

Historia pixka bat

2005 eta 2009 urteen tartean nonbait entzun nuen lehen aldiz MOBA (“Multiplayer Online Battle Arena”, edo “Online Guda-Eremu Multi-jokalaria”) jokoei buruz.

2003-an Icefrog-ek Warcraft III joko artxiezagunaren editore bat erabiliz DOTA (“Defense of the Ancients”, edo “Antzinakoen Babesa”) izeneko mapa/jokoa argitaratu zuen. Bertan talde bakoitzean 5 jokalariraino sartzen ziren, eta bakoitzak Warcraft III-ko heroi bat aukeratu zezakeen, bakoitzak gaitasun zehatz batzuk zituela. Eta simetrikoa zen mapa batean (mapa karratu bat erpin batetik bestera bi hiruki sortuaz bi taldetan zatitzen zen) jokalarien ekintzei esker etsaiaren etxeraino iritsi eta berau botatzea lortuko zukeen taldeak irabaziko luke.

Joko honek Warcraft III eta partxe batzuk behar zituen jolastu ahal izateko. Hala ere komunitateak oso azkar barneratu zuen eta laster beste MOBA batzuk azaldu ziren. Dohan (edo joko barruko erosketaduna) zen LOL (League of Legends, Riot Games konpainiarena) izan zen 2009. urtean gogor sartu zen jokoa. Gaur egun duena baino itxura askoz eskasagoarekin eta oraindik asko findu gabe, baina doako modelo hau sartzen aitzindarietako bat izan zen. Baina animazioak eta jokoaren inguruko “arte”-a asko zaindu izan ditu beti.

2013an, Valve (Half-Life, Counter-Strike, Steam plataforma…) erakundeak DOTA-ren izen-eskubideak erosi eta DOTA2 argitaratu zuen. Hau ere doan eta Steam plataforman integraturik. Jokoa grafikoki ondo dago baina egia da animazioak eta artea nahiko kaskarrak direla beste batzuekin aldaratuz.

2014-ko DOTA 2-ko munduko txapelketa.

Bi joko hauei buruz dihardut, askogaitik jokatuenak bait dira (LOL-ak hilabetero ia 70 milioi pertsona dauzka aktiboki jolasean, eta DOTA2-ak hilabeteroko 10 milioiak pasa omen ditu). Baina badaude beste batzuk, eta gero eta gehiago: Heroes of Newerth, Minions, Demigod, Smite… eta 2015eko otsailean beta itxia izango du Blizzard-ek (World of Warcraft sortu eta daraman konpainia) argitaratuko duen Heroes of the Storm-ek (HOS?). Dauden eta irtengo direnen zerrendatxo bat HEMEN.

Gero eta gehiago telebistan eta interneteko leku jakin batzutan jarraitu daitekeen liga profesionala dago LOL-aren inguruan (LCS) eta bai LOL eta DOTA2-aren munduko txapelketak ospatu ohi dira sari izugarriekin urtero. Kirol elektroniko entitatea hartzen ari dira. Ikusiko dugu noraino iritsi daitekeen.

Baina, zer da?

MOBA-ren funtsaren laburpena:

  • Jokalari bakoitza gaitasun ezberdin eta zehazdun pieza da taldearen barruan.
  • Taularen alde batean talde bat, bestean etsaia (bakoitzak kolore erakusgarri bat du).
  • Taula guztiz simetrikoa da erdiarekiko, hasieran aukera berdinak izanik bi taldeek.
  • Etsaiaren etxerarte iritsi eta berau botatzen duen taldeak irabaziko luke.
  • Estrategia (piezen edo jokalarien arteko koordinazioa barne) eta erreakziorako abiadura dira gakoa jolasterako orduan.

Jokalari askok egin izan ohi du analogia bat Xake jokoa eta MOBA-rekin. Eta nik esperientziari tankera hartzen diot; hasieran mugimendua eta pieza bakoitzaren gaitasunak ikasten dira eta jakin beharreko guztia dakizunaren tankera hartzen diozu. Baina beste pertsona batzuen kontra hasten zarenean, ezer ez dakizunaz ohartzen zara. Gero momentu oro-ko egoerarenganako pertzepzioa hobetuz, taldearekin komunikazioa finduz eta erreakzio denbora eta erabakiak landuz zoazen adinean, gauza hobetzen joan ohi da eta estrategia ezberdinak gauzatzen hastea posible da.

2014-ko LOL-eko munduko txapelketa.

LOL-aren kasuan, partida bakoitzak 20 minututik 70 minutura eraman dezake, baina partiden %95-ak 25 eta 50 minutu iraungo ditu. Denbora dezente eskatzen du eta ezin da bertan behera utzi partida erdian (beste 9 pertsona izorratuko zenituzke), horregatik eguneroko betebeharrekin bateratzea zaila egin liteke. Hala ere horrela izan ohi da beste zaletasun eta kirol edo bestelako aktibitate askorekin.

Zehazki LOL-ari buruz, beste batean jardungo dut.

(Artikulu hau, Game-erauntsia komunitatean argitaratu zen post honetan 2015eko otsailaren 12an).