
Apirileko euskararen bozgorailua:
“Egiten dugunak egiten gaitu”
Apirileko euskararen bozgorailua:
“Egiten dugunak egiten gaitu”
Etxean gauden honetan Jardun Euskara Elkarteak lehiaketa txiki bat prestatu du egun luze hauek arintzeko asmoz. Galdetegian Bergarako euskararen inguruko galderak aurkituko dituzue, 8 galdera hain zuzen. Zortzi hauetatik bost zuzen asmatzen dituztenen artean, Elkar megadendan gastatzeko 20€ko bonoa zozketatuko da.
Jarraian parte hartzeko esteka eta oinarriak!
Animatu eta parte hartu!!!
Oraingoan Alex Arteagak, Brigade Loco taldeko kideak, hartu du hitza eta gaur egungo gazteon artean euskal musika entzutearen garrantziaren inguruan eta euskal referenteak eukitzearen inguruan egin digu berba. Jarraian Alexen hitzak:
Musika mundua zabala den heinean, toki zein momentu ezberdinetatik bizi daiteke eta orain dela urte gutxi hasi nintzen, guztia oholtza gainetik bizitzen. Musikari bezala lehen esperientzia orain dela 5 urte izango zen baina ez ziren proiektu sendo edo serioak. Azken bizpahiru urteetan aldiz talde edo proiektu serio bat jarri genuen martxan, kontzientzia ahaztu gabe alderdi ludikoa beregain hartuz.
Nahiko fresko daukadanez, gogoratzen ditut “Brigade Loco-k” eman zituen lehen pausoak. Ilusioa eta ezjakintasunaren arteko nahasteka bat zela esango nuke, hasieran ez genekien guztiak zein bide hartuko zuen, ezta nola bideratu bide hori. Denboratxo bat pasa behar izan zen egun garen formaziora iritsi eta egiten ari garen guztia egin arte. Hasieran 3 besterik ez ginen eta entseguak nahiko arraroak izaten ziren: bateriarik gabe, ekipo aldetik eskasa, nik abesten nuen…hasierak beti izaten dira zailak edo arraroak. Joten genituen abesti guztiak bertsioak izaten ziren, batzuk euskaraz eta beste batzuk erderaz. Ez geneukan aukeraketa egiteko arrazoi edo irizpide garbirik, bizitza osoan ikusi eta gure influentzia izan diren taldeak zirelako egingo genuen. Baina bada apur bat paradoxikoa gure izena ingelesez abesten duen talde baten abesti batetik hartzea…
Denborak aurrera egin ahala eta guztia talde izaera sendo bat hartzen hasi zenean, lehen diskarako hartu genuen erabaki bat letra guztiak euskaraz egingo genituela izan zen. Gure hizkuntza da eta naturalki ateratzen zaigu letra bat idazterako orduan euskaraz egitea, baina, inguratu gaituen mugimenduan talde askok eta askok gaztelaniaz idatzi izan dute edo idazten dute. Norberaren hautu pertsonala da hizkuntzarena baina sarritan galdetu izan naiz zergatik abestu dugun euskaldunok sarritan elebidun izaera horrekin. Urteak joan eta urteak etorri bizi izan dena errepresioa izan bada ere, musika herriak, herritik eta herriarentzat egindako zerbait da beraz gizarteak pairatzen duen guztiaren arabera jasango ditu aldaketak. Baliteke gure hizkuntzak garai latzenak pasa dituen uneetan, euskararen biziraupena izango zela ardura nagusia eta hori dela eta sortu ziren mugimendu edo talde ezberdinak eta bestelako arazo edo kanpo influentziak egon direnean hautua beste bat izan dela.
Musikari eta gazte bezala esango nuke euskaraz egiten den musika kontsumitzeak berebiziko garrantzia eta influentzia zuzena duela. Nik musika beti bi alderditan sailkatu izan dut: batetik, alde ludiko bategatik egiten da musika, ondo pasatu, dantzatu eta abesteko eta hori gehienetan erritmo eta doinu kontua izaten da. Beste alde batetik, helarazi nahi den mezua dago; letraren bitartez bidali, azaldu edo oihukatu daitekeena. Bi alderdi hauek batera osatzen dute musikak duen zentzua niretzako eta honek influentzia zuzena dauka gazteengan. Letretan kontatzen dena, gure kasuan behintzat, egun jasan behar izaten ditugun injustizia, arazo, ezbehar edota gertakari historikoak izaten dira eta hauek mezu bezala ulertu behar dira. Bizi dugun errealitatearen kontaketa bat da eta hau gazteengana gure hizkuntzan bideratzea altxor bat da. Beraz dagokion garrantzia badauka musikalki euskaraz aritzeak.
Azkenik esango dut bai musikaren alorrean edo beste alor askotan erreferente euskaldunak izatea eta are gehiago gure kulturan. Zergatik? Euskaldunon identitatea osatzen duten alderdi kulturalak zaindu behar ditugulako eta berau osatuko duten adituak izan, hauek herriari kontzientziarako
bidea eman eta indartzeko.
Amaitzeko esan nahiko nuke erreferenteen garrantzia eta influentziaz gain are eta garrantzitsuagoa dela hauek aurrera eramateko espazioak jendeari ahalbidetzea. Hori dela eta nire esker eta miresmen handiena gune autogestionatu guztiak aurrera eramaten dituen jendeari.
Itxialdiak irauten duen bitartean, etxetik taldean euskara praktikatzeko aukera zabaldu nahi du Jardun Euskara Elkarteak. Orain arte, Mintzalaguna egitasmoan biltzen dira hainbat herritar astero-astero ordubetez euskara praktikatzeko, baina itxialdiaren ondorioz, hitzordu horiek ezin dira presentzialki egin. Horren ordez, euskara online eta taldean praktikatzeko ‘Itxialdian euskaraz’ egitasmoa zabaldu nahi du Berriketan egitasmoak Bergaran.
Bi profiletako jendea bildu nahi da itxialdiak irauten duen bitartean:
Saioak bideo-deien bidez egingo dira Skype, Hangouts, WhatsApp edo antzeko tresnekin eta hitzorduak eta taldeak aurretik adostu eta koordinatuko ditu Berriketaneko kordinatzaileak.
Printzipioz astean ordubete bideo-hitzorduak izango dira bultzatuko direnak, baina taldeek euren artean ere adostu dezakete maiztasuna. Konfinamendua indarrean den bitartean, itxialdia baliatu dezakegu euskara lantzeko, gozatzeko eta praktikatu nahi dutenei laguntzeko ‘Itxialdian euskaraz’ egitasmoarekin.
Izena eman
Izen abizenak:
Telefonoa:
Email-a:
Zure aukera *
Bergarako udalak atzo komunikatu zuen Erramu Zapatua bertan behera utziko dela Covid-19a geldiarazteko prebentzio neurri bezala. Beraz, gauzak horrela, Jardunek urtero antolatzen duen txorimalo erakusketa ere bertan behera geldituko da.
Covid-19 birusaren aurrean hartu diren neurriak direla eta Jarduneko zerbitzuak eta aurreikusita zeuden ekintza, hitzaldi, irteera… guztiak bertan behera utziko dira momentuz.
Bulegoko ateak ere itxita egongo dira baina telefono zerbitzua izango dugu zuen kezkak argitzeko.
Telefono ordutegia: 9:00-13:00
COVID-19a dela eta, Jarduneko bulegoa itxita egongo da momentuz eta, horregatik udaleku itxietan izena ematea nahi duten gaztetxoek aukera izango dute datuak bete eta bidaltzeko.
Horretarako dokumentua bete eta bertan dauden pausoak jarraituta gaztejardun@topagunea.com era bidaltzea nahikoa izango litzateke.
Oxirondo, Osintxu eta Angiozarko ludoteketan ere martxoaren 8aren harira, ekintza ezberdinak egin zituzten haur eta hezitzaileek.
Ekainaren 22tik 28ra, udaleku itxiak antolatu ditugu Ozaetan. Udaleku hauek gaztetxoekin batera antolatzeko asmoarekin, datorren larunbata Martxoak 14, 12:30etan BILERA IREKI bat egingo dugu Oxirondoko azokan.
Animatu eta gerturatu zaitezte bertara gurekin batera udalekuetako ekintzak antolatzera!!!!
Datorren osteguna, hilak 12a, izango da Errigorako eskaerak egiteko azken eguna. Oraindik eskaera egin ez baduzu, ez denborarik galdu eta egizu orain! Primerako olio eta kontserbak dituzue eskuragai!!