2017ko udal aurrekontuak

EH BILDUREN PROPOSAMEN EKONOMIKOAK

Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuak aztertu ondoren EHBildutik hauek hobetzeko asmoz hainbat ekarpen egin ditugu.

Udal gobernuak aurrera eramandako prozesuarekin ez gaude pozik, aurrekontuak definitzerako orduan ez baitute ez beste alderdien, ez batzordeetan parte hartzen duten herritarren iritzirik jaso. Bereziki aipatzekoa da auzoetako ordezkariekin izandako hutsunea. Auzo batzordean aurrekontu proposamenik aurkeztu eta berain ekarpenik jaso gabe aurrekontu hauek datorren asteleheneko osoko bilkuran onartzeko asmoa dute EAJ/PSEren boto bakarreko gehiengoa baliatuz. Beraiek markatutako datetara mugatzeak asko zaildu du akordioetara iristea. EH Bilduk zalantza handiak ditu akordioetara iristeko gobernuak duen benetako interesaz, baldintzapenak ikusita.

Gure aurrekontuak ez diren arren hainbat ekarpen egin ditugu. Bergararrontzat interesgarriak izango direlakoan, hona hemen horietako batzuk:

  • Bergarako Udala Arrizuriagaren jabe egin ondoren eta eraikinaren egoera eskasa ikusita, etorkizuneko proiektua idazteko partida.
  • Enpleguaren sustapenerako. Lan harreman demokratikoak eta erabakigune horizontalak bermatzen dituzten lanpostuak sortzen dituzten enpresei zuzendutako diru laguntzetarako.
  • Seminarioko elizan egiten ari den aretoaren kudeaketaren inguruko parte hartze-prozesua egiteko partida. Uste dugu aretoaren kudeaketak nolakoa izan behar duen parte hartze-prozesua eskatzen duela eta herriko eragileen eta interesa duten norbanakoen artean adostu beharrekoa dela.
  • San Joxepeko magalean baratze-urbanoak. Proiektua eginda dago eta berau exekutatzea litzateke.
  • Partida bat proposatzen dugu herriko eremuren batean (adostu beharreko eremua) ziburu estaliak jartzeko.
  • Osintxun, gerora bere birgaipenerako erabiliko diren eremuak udalaren esku jartzeko.
  • Herriko urak kolektorera isurtzeko proiektua exekutatzen jarraitzeko dagoen partida handiagotzea, isuri puntu gehiago ekiditeko.
  • Herriko urak sarean txertatu eta bertatik kudeatzeko moldaketak egitea, aurretik baditugun baliabideak aprobetxatuz.
  • Bergara energetikoki burujabeagoa izan dadin egon daitezkeen aukerak aztertzeko.
  • Herri lurrak berreskuratu eta basoetako landaketak egiteko partidari gehitzea, iazkoa mantenduz.
  • Herrian parte hartze prozesu zabal eta erabakigarri bat burutzeko. Bergarako herritarrok etorkizunerako nahi dugun eredua erabakitzeko, gobernuan dagoen alderdia dagoela betetzeko konpromisoarekin.

ALDE ZAHARRA BERPIZTEKO PLANGINTZA ESKATZEKO MOZIOA

Ekaineko ohiko osoko bilkuran Bergarako EH Bilduk alde zaharra biziberritzeko plangintza eskatzeko mozioa sartu genuen.
Baina Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE alderdiek ezezkoa eman zioten eskaera honi. Inolako konpromisorik
hartzen ez duen mozio alternatibo bat onartu zuten.
Gure ustez konpromiso zehatzak hartu behar dira alde zaharra biziberritzea nahi bada, eta ahalik eta azkarren plangintza bat
burutu eta martxan jarri.

ARRAZOIAK

Bergarako bizitza soziala zonalde berrietara bideratzen ari dela esatea ez da gauza berria. Aspaldiko urteetan Alde Zaharra husten ari den eremua dugu eta zonalde eraiki berriak dira herriko bizitza soziala jasotzen ari direnak.

Lehenengo Goenkale, ondoren Artekale eta San Pedro eta azkenaldian Bidekurutzeta eta Barrenakale ere norabide berdinean ari dira garatzen.

Antzeko egoerak ditugu Zubietan ere.

Alde Zaharra gune historiko monumental izendatutako eremua da. Bergarak duen altxor garrantzitsuenetarikoa. Baina zaindu ezean ikusleku baina ez bizileku bihurtuko dena.

Bizileku diogunean ez gara etxebizitzei buruz bakarrik ari; kale biziak dira Alde Zaharrean behar ditugunak.

Gauzak honela Bergarako Udalak Alde Zaharra biziberritzeko plan orokor eta zehatza landu behar duelakoan gaude eta honako proposamena luzatzen diogu Udalbatzari aztertu eta ona dezan:

1) Bergarako Udalak Alde Zaharra berpizteko lan-mahaia osatuko du bertako bizilagunen, dendarien eta tabernarien ordezkariekin eta Udal Taldeetako ordezkariekin batera.

2) Lan-mahaiak osatu dezala 6 hilabeteko epean Bergarako Alde Zaharra biziberritzeko plan orokor eta zehatza.

3) Plan horretan jaso beharko du etxebizitzak, komertzioa eta tabernan Alde Zaharrean manten daitezen edota berriak ireki daitezen hartuko diren neurriak, epeak eta aurre-kontua.

4) Plan horretan jaso beharko du Alde Zaharrekoa kaleak kale biziak izan daitezen zein programazio, epe eta aurrekontu erabiliko dituen udalak.