Mugarik Gabeko Musikariak, kontzertu solidarioa eta instrumentuen bilketa Siriarako.

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearekin batera,Mugarik Gabeko Musikarien kontzertu solidarioa antolatu du datorren azaroaren 25erako, Emakumearen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

BERGARAKO MUSIKA ESKOLAK, Angel Agirianok zuzentzen duen BIG-BAND-arekin hartuko du parte kontzertuan.

Mugarik Gabeko Musikariak

1995ean sortu zen irabazi-asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakunde gisa, independentea eta edozein ideologia politikorekiko loturarik gabea. Helburu nagusia haurrei laguntzea da, musikaren bidez, hizkuntza nazioartekoena baita eta haurtzaroa du ardatz, egoera ahulenean dagoen biztanleriaren sektorea delako.

Musikak eta musikariek, munduan elkarrekin bizi diren etnien, herrien eta kulturen arteko harmoniaren, bizikidetzaren eta elkartasun-espirituaren alde, zeregin garrantzitsua dutela abiapuntutzat hartuta, musikaren eta haurren arteko elkartasunezko konpromisoa ezartzen saiatzen da, etorkizun hobea lortzeko laguntza materiala, premiazkoena eta kulturala, errentagarriena, emanez.

Egoera bereziko urte honetan eta erakundearen 25 urteko ibilbidea dela eta, Mugarik Gabeko Musikariak bi ekimen interesgarri jarri ditu abian, musikaren bidez batu, integratu eta egoera ahulean daudenak laguntzeko.

Kontzertu solidarioa

Mugarik Gabeko Musikariak, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak eta Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolatuta, kontzertu solidario bat eskeiniko du, ezarritako osasun-neurriak errespetatuz.

Azaroaren 25a, asteazkena, da aukeratutako eguna, eta Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez, musikak, gizartea integratzen eta garapen bidean dauden herrialdeetan emakumeak ahalduntzen laguntzeko duen garrantzia azpimarratuko da.

1981etik, Latinoamerikak azaroaren 25ean ospatzen du Genero Indarkeriaren Aurkako Eguna. Eskualdeko mugimendu feministek, emakumearen aurkako indarkeriaren tasarik altuenetako batekin, data hori aukeratu zuten Minerva, Patria eta Maria Teresa Mirabal omenez, 1960ko azaroaren 25ean Rafael Leonidas Trujillo diktadorearen aginduz erail zituzten hiru ahizpa. Urte batzuk geroago, 1999an, Nazio Batuen Erakundeak aldarrikapen egunarekin bat egin zuen eta azaroaren 25ean Emakumearen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna izendatu zuen.

Entzunaldian estatuko eta nazioarteko 11 musika talde eta eskolek parte hartuko dute. Horien artean, aipatzekoak dira Guatemalako El Reencuentro kooperatibaren emanaldia, Roberto Narciso Chavarría egilearen Río Polochic obra joko dutelarik, Cabo Verdeko Escola Municipal de Artes Tututaren interpretazioa edo Mirzo Music Centerena Kurdistandik.

Jesús María Alegría Urtiaga, Pinttu, Mugarik Gabeko Musikarien Zuzenaria, zuzenean izango da gurekin Gasteizko egoitzatik, erakundea aurkezteko, esperientziak partekatzeko eta parte-hartzaileak agurtzeko. Gainera, Oihana Maritorenak aurkezle lanak egingo ditu, ordu bat eta 30 minutuko iraupena izango duen ekitaldi batean.

Kontzertua doakoa eta sarrera librekoa izango da, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako kanalaren bidez eskeiniko da zuzenean, azaroaren 25ean, asteazkena, 18:00etatik aurrera, honako helbide honetan: https://youtu.be/lkQ549gF7rA. Eskolatik, parte hartu nahi duen oro animatzen dugu, ekimenarekin bat egiten, mugez haraindiko sare solidario bat sortuz.

Siriarako tresnen bilketa

Bigarren urtez eta aurreko edizioan emaitza onak lortuz, non 200 instrumentu baino gehiago eman ziren, Mugarik Gabeko Musikariek, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren eta Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen laguntzarekin, Siriarako musika-tresnen banku bat sortu dute.

Instrumentuen bankua zabalik dago Siriako Musika Eskolekin lankidetzan aritzeko musika-materiala eman nahi duten enpresa eta partikularren dohaintzetarako.

Herritarrek, orkestra sinfoniko baten parte diren antzinako instrumentuak edo horien zatiak (arkuak, bizarrak, sokak, etab.) eman ahal izango dituzte, baita teklatuak, pianoak, gitarrak eta akordeoiak ere.

Instrumentuak musika ikastera bideratuko dira, Siriako Musika Eskoletan emandako hezkuntzaren bidez. Baliabide gutxi dituzten pertsonak artean murgildu eta, horrela, gerrak eragindako izugarrikeriak ahazteko erabiliko dira.

Era honetan, musika, baliabide gutxiko adingabeentzako ibilgailu integratzaile bihurtuko da herrialde behartsu batean.

Dohaintza egiteko aukeratu duzun ikastetxera joan aurretik, eman beharreko tresnari buruzko ahalik eta informazio gehien bildu, hau da, datu tekniko eta historiko, konponketak eta abar. Dohaintza-inprimakia eta zure tresnaren historia bete beharko dituzu eta.

Dohaintzak egiteko epea 2020ko azaroaren 25etik 2021eko urtarrilaren 29ra artekoa izango da, 14:00etan.

Instrumentua ezin bada eraman tamaina handikoa delako, entrega hitzartu ahal izango da, ehme@ehme.eu edo 605709530 telefonoaren bidez.

EUSKARALDIAREKIN BAT!

Bergarako Musika Eskolako langile, guraso eta ikasleek, aurten ere EUSKARALDIArekin bat egingo dugu. Izan belarriprest edo ahobizi, eta EUSKARAZ BIZI!!!

Gora Sta. Zezilia!

Gaur, berriro ere erakutsiko dugu, pandemia izan arren, bizitzak aurrera jarraitzen duela eta, beste modu batera bada ere, ospatzen jarraituko dugula, oraingo honetan Santa Zezilia. Ez da kalejirarik, ez kanturik edo dantzarik izango kalean eta, jakina, txokolatearen falta sumatuko dugu! Baina ospakizuna ez da faltako eskolan, eta egun berezia izango da gure ikasleentzat. Musikariak garelako eta ezerk ez gaituelako isilaraziko. Gora Sta. ZEZILIA!!!

Covid-19 aren azken neurriak

Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren inguruan ostiralean argitaratu (azaroak 9) eta larunbatetik aurrera indarrean jarri ziren azken neurrien inguruan:

– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adierazi digu, dekretuko eranskinaren 7.1. puntua kontutan izanik, musika eskolak, araubide bereziko irakaskuntzen barne gaudela.

– Musika eskolak bere jarduerarekin jarraitu ahal izango dugula beti ere  ezarritako segurtasun-protokoloak betez. Jarduera guztiarekin jarraitu ahal izango dugu: hizkuntza musikala, musika tailerra, instrumentu klaseak, Abesbatzak, dantza, orkestra, gazte banda eta baita talde instrumentalak ere (mota guztietakoak).

– Musika eskolako jarduera 21:00etan eten beharko dela derrigorrez.

Zaindu gaitezen!!

XLIII. EUSKAL HERRIKO DANTZA SOLTE TXAPELKETA BIKOTE GAZTEENTZAT bertan behera

Azaroaren 6ko dekretuaren arabera,: “Musika- eta ahots-entsegu kolektiboak edo dantza-entsegu kolektiboak, profesionalak ez direnean, bertan behera gelditzen dira.”

Bestalde, jarudera sozio ekonomiko edo eta jarduera profesionalak ez diren ekitaldiak ezin dira aurrera eraman.

Hori dela eta, tamalez, Bergarako Musika Eskolak   azaroaren 15ean jokatu behar zen XLIII. EUSKAL HERRIKO DANTZA SOLTE TXAPELKETA BIKOTE GAZTEENTZAT

bertan behera uzteko erabakia hartu du.

 

ILUSTRAZIOAREN ERAGINA EUSKAL DANTZAN hitzaldi musikatu eta dantzatua

ILUSTRAZIOAREN ERANGINA EUSKAL DANTZAN hitzaldi eskaini du Oier Araolazak, Quico Pugès biolontxelojolearen laguntzarekin, urriaren 21ean, Errekalde Jauregian. Bergarako Musika Eskolako dantza ikasleek gustura hartu zuten Oierren gonbidapena, eta primeran aritu dira Oierren azalpenei adibideak jartzen.Quico Pugès-sen biolontxeloak eta Oierren azalpenak XVIII. mendera eraman gaituzte Pelafloridako kontearen etxebizitza izan zen Errekalde Jauregian.

HAURREN ABESBATZA ORGANO ERROMANTIKOAREN 21.ZIKLOAN

Organo Erromantikoaren 21. Zikloari hasiera emateko kontzertua eskaini zuen, atzo, zapatua, Aitor Olea organo-joleak eta Bergarako Musika Eskolako haurren abesbatzak, Santa Marina parrokian. Beraiekin batera, Alazne Jauregi ere aritu zen, bakarlari moduan. Santa Marinan beste bi emanaldi ere izango dira atzokoaz gain; bata, urriaren 10ean eta, bestea, 17an.

Bergarako, Azkoitiko eta Azpeitiko udalek elkarlanean antolatu ohi dute urtero Organo Erromantikoaren Zikloa, Fray Joseph de Echevarria organoaren adiskideekin lanean. Atzo, emanaldia eskaini zuen Bergarako Musika Eskolako haurren abesbatzak, eta, beraiekin batera aritu ziren Aitor Olea organo-joleak eta Alazne Jauregi bakarlaria.

Moises Azpiazuren omenezko 35.bikote nagusien dantza txapelketa

Bergarako musika eta dantza eskolak Udalaren laguntzarekin antolatutako Moises Azpiazuren omenezko 35. bikote nagusien dantza askatu txapelketa etxean geratu da bigarren urtez jarraian. Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo dantzari bergararren eskutik, Bergarak euskal dantzaren puntan jarraitzen du; haria ez da eten.

COVID-19ak eraginda ezohikoa izan zen bikote nagusiendako dantza solte txapelketaren 35. edizioa. Bikote kopuruan igarri zen: hamalau bikotek eman zuten izena aurtengorako baina azkenean hamar izan ziren Seminarixoko oholtzara igo zirenak. Eta nabaritu ziren publikoan ere, Seminarixoko edukiera nabarmen jaitsi zelako. Hala ere, behar diren neurri guztiak hartuta kultura “segurua” dela aldarrikatu zuten antolatzaileek.

2020-21 ikasturte hasiera

Irailaren 25a izango da matrikula egiteko azken eguna; irailaren 4ra bitartean 9:00etatik 13:00etara egongo da idazkaritza zabalik, eta irailaren 7tik aurrera 15:30etik 19:30era.

Adin guztietarako eskaintza zabala izango da aurten ere Bergarako Musika Eskolan. Ez dituzte egun berean hasiko jardun guztiak; Hizkuntza musikala-armonia ikasgaia eta Musika tailerra izango dira hasiko dituzten lehenengoak, eta Gazte Banda, azkena. Hona hemen ikasgai guztien hasiera egunak:

  • Hizkuntza musikala-armonia, irailaren 8an.
  • Musika tailerra, irailaren 8an.
  • Haurren abesbatza, irailaren 10ean, baina kide berriak irailaren 24an.
  • Orkestra Sinfonikoa, irailaren 21ean.
  • Hasi berrien abesbatza, irailaren 22an.
  • Gazte Banda, irailaren 23an.

Musika tresnentzako ordutegia

Jende pilaketak ekiditeko, aurten telefonoz emango dituzte musika tresnen ordutegiak eta tutorea jarriko da ikasleekin harremanetan irailaren 7an; 16:00etan hasita lehenengo mailako ikasleekin, eta, 16:30etatik aurrera, gainontzekoekin.

Informazio eskatzeko edo zalantzak argitzeko deitu 943 76 57 80 telefonora edo idatzi idazkaritza@bme.e.telefonica.net helbidera.