Link originala
60etako amaieran, pertsona erresistenteen belaunaldi bat klandestinitatean hasi zen, gure burua antolatuz eta Diktaduraren aurkako mobilizazioak bultzatuz, baita gure bizitza- eta lan-baldintzak hobetzeko ere. Hutsetik hasi ginen, esperientzia barik eta aurreko erakunde sindikalekiko harreman barik.
Testua eta argazkiak: Juan Ramon Garai – Intxorta 1937 kultur elkartea.
Gerraren ostean, Arrasaten UGT eta STV izan ziren erakunde sindikal gisa klandestinitatean jarduten jarraitu zutenak, eta ikaragarrizko egoera errepresibo batean mobilizazioak bultzatu zituztenak. 1947ko maiatzean, STV-ELA, UGT, PNV eta Partido Comunistak osaturiko Greba Batzorde lokalak grebarako deialdia egina zuen Bizkaiarekiko elkartasunez, azken orduan Eibartik abisu bat iritsi zen lanuztearekin bat ez egiteko. Apirileko greban, 1951ko 23 eta 24an, belaunaldi horrekin batera, sindikalista gazteek ere parte hartu zuten, gazteak izanik, gatazkaren lekuko zuzenak ez zirenak. Garbantzuen greba bezala ezaguna, bizitzaren merkatzea zela eta, Arrasaten eragin handia izan zuen.
1956ko apirilaren 13 eta 14an ere grebak jarraipen zabala izan zuen. Azkena 1962ko maiatzean izan zen, Unión Cerrajeran 17 egun iraun zuena, STV-ELAk bultzatuta. Ondorioak izan ziren:
- Hainbat langileren aurkako atxiloketa eta Melitón Manzanasen torturak
- Hainbat pertsona kaleratzea
- Lanuztea babestu zuten Enpresako Epaimahaiko kideen kanporatzea
- Grebalari guztien aurkako zigorra bosturtekoak kenduz, antzinatasuna kenduz
Greba honen ostean, enpresa honetako lider sindikalak kooperatibetan barneratu ziren. Aipatu behar da mobilizazio horietan guztietan, 1947tik 1962ra, atxiloketa asko egin zirela.
Bien bitartean, gerran zehar jaiotako sektoreak, eta erakunde horiekin inolako harremanik ez zutenak, euren burua antolatzen hasi ziren lantegi batzuetako zinpekoen eta sindikatu bertikaleko artekarien bitartez, bai eta USO, HOAC eta JOCen bitartez ere.
60etako erdialdetik aurrera, gizonezko eta emakumezko langileen belaunaldi berria osatzen zuten:
Batetik, hemen jaiotako pertsonak, ELA, UGT eta CNT erakunde historikoei loturik sentitzen ez zirenak, ez antolakuntzari dagokionez, ez bizitzako esperientziari dagokionez (errepresio eta beldurrezkoak).
Bestetik, estatuko leku ezberdinetatik etorritako pertsonak, horietako asko Arrasatera lan egitera etorri ziren; gehiengo zabala landa eremutik edo pobretutako inguru batetik zetorren, 20 urte inguru zituzten eta aurrez ez zuten UGT eta CNTrekin kontakturik, landa-eremuan presentzia handia izan zuten erakunde sindikalak.
Bi kolektiboek ezaugarri amankomunak geneuzkan: gazteak ginen, ia ez ginen patroien, euren estatuaren eta euren poliziaren debekuen eta errepresioen beldur, eta ez genuen esperientzia sindikalik.
Orduan, 60etako azken zatian, 20 urte inguru zituzten gazte hauen belaunaldi hau, gerra eta gerraosteko lehen urteak zuzenean ezagutu ez genituenok, taldeak eratzen hasi ginen, enpresa ezberdinetan antolatuz.
UGT eta STV ez bezala, gure belaunaldia batu zuen arrazoia ez zen ideologikoa izan, patronalari eta diktadurari elkarrekin aurre egiteko beharretik batu zen. Hala jaio ziren, 70etako hasieran, lehen lantegi-taldeak: Unión Cerrajeran ‘Oinarrizko Taldeak’ eta ‘Langile batzuk’. ELMAn ‘Langile Batzuk’ izenarekin jaio ziren. Kooperatibetan (ULGOR) hasieran ‘Langile Batzuk’ izenarekin eta gero UTC (‘Unión de Trabajadores Cooperativistas’). Hiru enpresa hauek ziren, orduan, Arrasateko garrantzitsuenak, eta lehen bietan milatik gora pertsonak lan egiten zuten. Gizonezko eta emakumezko langileok ez genuen eskubiderik:
- Ez ziguten antolatzen uzten, ezta greba egiten ere
- Ez ziguten elkartzen uzten, talde gutxietan nahiz asanbladetan
- Ez ziguten informatzen uzten, ezta gure burua informatzen ere
- Kaleratzen, atxilotzen eta kartzelaratzen gintuzten
Edozein legez kanpoko greban grebalarien jarduera guztiak ilegalak ziren. 1965era arte, jarduera horiek ‘sedizio delitutzat’ jotzen ziren.
1964an, ELAko militante Josu Otaduiren atxiloketaren ondorioz, lehenbiziko langile-manifestazioa egin zen herrian, eta 1968ko maiatzaren 1ean, langile-borrokaren inguruan mobilizatutako belaunaldi berriek lehenbizikoz manifestazio batean hartu genuen parte.
Manifestazioa udaletxeko plazan hasi zen, parte-hartzaileek zirkuluan biraka ibiliz. Apurka-apurka gero eta pertsona gehiago sartu ziren manifestazioan, guardia zibilen ‘sekreten’ begiradapean. Han, egunkariak puskatu ziren, prentsa diktadura zalea salatuz. Alkateak, Juan Manuel Azkoagak, sakabana gintezela eskatu zigun. Ez zitzaion kasurik egin eta Portaloirantz joan ginen; handik Ferrerias kalerantz, eta bertan segada bat egin ziguten. Guardia zibilak alde batetik eta bestetik bidea itxiarazi zigun, eta guardia zibilak Ferrreriasen euren fusilekin kolpatzen hasi ziren. Egin genuen presio handiak garaje bateko atea zabaldu zuen, eta bertan pertsona ugari babestu ginen, Guardia Zibilak atea kolpatzen zuen bitartean.
1968ko ekainaren 8an Txabi Etxebarrieta (ETAko liberatua) eraila izan zen. Mobilizaioak oso jendetsuak izan ziren, gazte ugarik zuzendu zituzten eta gazte ugarik parte hartu zuten. Nabarmena izan zen Guardia Zibilaren basakeria, Jesús Muñecas Aguilar kapitainaren zuzendaritzapean: manifestariak erreprimitu zituen eta atxilotutako dozenaka pertsona basakeriaz torturatu zituzten.
1969ko urtarrilean hiru asteko greba egin zen ELMAn.
Burgosko prozesua 1970eko abenduaren 3an hasi zen. Langile Mugimendua indar anti-frankista handia bezala azaldu zen, grebak zuzenduz. ETAko militanteen aurkako heriotza-zigorren kontrako mobilizazioak oso jendetsuak izan ziren, eta hilabete osoa iraun zuten, indultatuak izan arte.
Unión Cerrajeran ‘Langileen Taldea’k abangoardia batzar bat deitu genuen (kontzientzia gehien genuen lantegiko langileak) eta erabaki genuen lanuzteei ekitea lantegian zehar ‘sugearena’ eginez (hau da, pertsona ilara bat antolatu genuen, eta lanpostu ezberdinetatik igarotzen ginen, sigi-saga, eta bertako langileak ilaran parte hartzera animatzen genituen). Abenduaren 3a zen, 1962tik lana geratzen zen lehen aldia. Hiru pertsona biltegian elkartu ginen, eta ‘sugearena’ egiten hasi ginen Trokelatze sailetik, ondoren Txantxiku sailera joan ginen. Lantegi osoa gelditu genuen, bai eta hilabete hartako egun askotan ere. Borroka metodo hau, Asambleay ‘sugea’, 70etan zehar erabili genuen.
Arrasateko Unión Cerrajera ez ezik, elkarte anonimo guztiak gelditu ziren, besteak beste, ELMA, Gamey, Ifam, Industrial Mondragonesa … eta kooperatibetan: ULGOR, Arrasate, Amat, Fagor Electrónica eta Eskola Profesionala, egungo Mondragón Unibertsitatea.
Aretxabaletako Copreci Kooperatiban ere ‘sugearena’ egin zen, enpresa osoa geratu zuena, eta langileak manifestazioan herrirantz atera ziren. Oñatin, Garay eta Cegasa gelditu ziren; bietan ala bietan, grebarekin bat egin ostean, enpresaren aurrealdean bilkura egin zuten, guardia zibilaren kargak sufritzen. Gainera guardia zibila lantegien barrualdera sartu zen, lantegiak gera ez zitezen presionatuz. Elizen barruan elkarretaratzeak egin ziren, eta bertatik irtetean ‘grisek’ kargatu egin zuten. Bergaran, Unión Cerrajera (Altos Hornos), Mayc, Algodonera eta Torunsa geratu ziren. Torunsa (Elgetarako bidean, San Joan auzoan) enpresako gizonezko eta emakumezko langileak herriaren erdialderantz abiatu ziren, eta ibilbidean zeuden tailerretako langileek ere bat egin zuten mobilizazioarekin. Manifestazio jendetsuek guardia zibilen biolentzia sufritu zuten.
Arrasateko manifestazioetan milaka pertsonak parte hartu zuten, eta guardia zibilek kolpeka sakabanatu zituzten, manifestariak taberna batzuetan babesa hartzen zuten eta guardia zibilek taberna irtenarazi zituzten. Horietako batean, Bar Mendi aterarazten ari zirela, ondoko balkoi batetik, Olatxo harategiaren gainean, Blas Sagastak lurrean etzanda ‘h. de p.’ oihukatu zien, eta guardiek gora begiratzen zuten arren, ez zuten inor ikusten. Biktor Bonet eta beste arrasatear batzuk Burgosko Gobernu Militarrera joan ziren, epaiketaren lekura. Bilkura sakabanatu egin zuten indar errepresiboek.
Lantegi batzuetan, mobilizazio hauek sustatu genituenak belaunaldi gazteak ginen, eta klandestinoki egin genuen. Beste enpresa batzuetan Zinpekoen eta Bitartekarien inguruan antolatutako gizon eta emakumeak izan ziren.