EAJ-PNVk gogorarazi du EH BILDUren Udal gobernuak legealdi osoa (4 urte) daramatzala Mugikortasun Plana (ekintzen plana) lantzen: “eta egun, oraindik, ez dugu ez Planik, ezta ekintzen proposamen zehatzik ere. Planaren aurrekontua ia 18.000 eurokoa izan da, ezer ez egiteko”.
Planak egin bai baina hauek aurrera eramateko duen gaitasun falta salatu dute jeltzaleek: “gauza bera gertatu da terrazen ordenantzarik… Hau 2022ko urtarrilerako prest izango zutela agindu zuen EH Bilduk, baina Bergarako ostalariek ordenantza berririk gabe jarraitzen dute”.
Pasaden abenduko Lurralde Batzordean EH Bilduren udal gobernuak Mugikortasun Jasangarriaren Planaren -ekintzen plana- proposamena aurkeztu zuen, eta aurrera egiteko proposamena eraman zuen Batzordera. Bertan, jeltzaleek, berriz ere, gaia mahai gainean uzteko eskatu zuten: “izan ere, beste lanketa bat egitea ezinbestekoa dela uste dugu. Hala, azkenean, eta gaia eztabaidatu ondoren, mahai gainean uztea erabaki zuen Alkateak, erabilitako datuak zaharkituak direlako”.
EAJ-PNVk gogorarazi du ez dela aurreneko aldia gaia aztertzeko eta birplanteatzeko eskatzen dutena: “2022ko azaroaren 25an, behin Planaren zirriborroa aztertua, mahai gainean uzteko eskaera idatziz aurkeztu genion Udal gobernuari, baina EH Bilduk ez zuen erantzun eta prozedurarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen”.
Hala, eta oraingo egoerara iritsita, prozedura geratu izana sentsuzkotzat jo dute jeltzaleek: “izan ere, planteatzen diren hainbat kontuk ez dute zentzurik. Batetik, maiatzean salatu genuen moduan, esan behar dugu Plana garatzeko erabili dituzten datuak orain ia 5 urtekoak direla, eta beraz, gure ustez ez dira balekoak. Gainera, aurkeztutako dokumentuak berak 2021eko abendukoa dela adierazten du; ia urtebete dauka dokumentuak, eta galdera da: Zergatik ez zaigu lehenago helarazi? Abenduko batzordean, Alkateak berak onartu zuen datu zaharkituak erabili direla, beraz, ez dugu ulertzen Plan hori onartu eta aurrera egin nahi izatea”.
Hala, Batzorde hartatik hilabete pasatu ondoren, urtarrileko Batzordean EH Bilduk inolako proposamen berririk egin ez izana salatu du EAJ-PNVK: “esaterako, zirriborroan, argi adierazten da ez dagoela lurrazpiko aparkaleku baten beharrik, baina, aldi berean, TAO ordainpekoa izan behar dela adierazen da, besteak beste, zentroan eta hilerriaren aldameneko parkinean. Horrez gain, Santa Marina eta Oxirondo azokaren aldameneko eremua aparkalekura irekitzea proposatzen da, Oxirondoko ludotekaren aldamenean”.
Trafikoari dagokionean, EAJ-PNVk gogorarazi du Artekaleko bolardoak kentzea proposatzen duela Planak: “hauek kamerek ordezkatzea proposatzen da, eta arau hausleei isunekin erantzutea; alegia, ez baimendutako autoak bertatik pasatuz gero isunak bideratzea. Jeltzaleon ustez isunak ez dira eraginkorrak mugikortasun eredugarri baterako bidean, kontzientziazioa da bidea”
Horrez gain, Planak proposatzen du baita ere Bidekurutzeta oinezkoentzat soilik izatea edota Arrizuri eta Ramon Maria Liliko trafikoaren noranzkoak aldatzea: “jeltzaleon ustez horrelako proposamenek ez du zentzurik; izan ere, Ibargarai gehiago “kargatuko” dugu. Eta Soledadeko bizilagunak, esaterako, buelta osoa eman beharko lukete, Artekaletik behera, Mahatserrekatik, trafikoa areagotuz”.
Ibargaraiko biribilgune berriaren inguruko aipamena ere jasotzen da: “honen beharra eta lanketa jeltzaleok hasi genuen aurreko legealdian, baina EH Bilduren udal gobernuak ez du jarraipena egiteko gaitasunik izan, aurkeztutako ideia erabat lekuz kanpokoa baita”.
Herribusari dagokionean, Planak jeltzaleek irailean egindako proposamena jasotzen duela azaldu da, alegia, MUGI txartelaren barruan sartzeko beharra: “hala eskatu genuen Batzordean eta 2022an deialdia ireki zen bertan sartzeko, baina EH Bilduk ez du herribusa MUGI sisteman sartzeko eskaera egin”.
Oinezkoei dagokionean, Zubiaurreko eta Martokoko eremuaren berrurbanizazioaren beharra azpimarratzen du Planak: “jeltzaleok duela ia 4 urte martxan jarri genuen honen lanketa, baina EH Bilduk ez du lanketarekin jarraitu”.
Bizikletei dagokienean, Planak Ibargaraiko ardatzean ziklokalea sortzea proposatzen du: “Ibargarako hiribideak dagoeneko izugarrizko trafiko karga dauka, eta ondorioz, egokiago izango litzateke Zurraderotik bidegorriari lotura luzatzea, albotik, esaterako. Horrela arriskuak ekidin eta ez genuke Ibargarai eremua gehiago itoko. Bidegorriekin jarraituz planak ez ditu kontuan izan lur eremuak Udalaren jabetzakoak diren edo ez: “esaterako, Boni Laskuraineko tartean paralelo pasatzen den lorategian bidegorriaren jarraipena egitea proposatzen da, baina egun lorategia inguruko etxebizitzen jabetzakoa da. Hori, Batzordean jeltzaleok jarri behar izan genuen mahai gainean, eta Plana garatu zuen enpresak harriduraz begiratu zigun, nola da posible?”
Hala, EAJ-PNVk dio hauek direla, besteak beste, 4 urte pasatu ondoren, geratu diren gaiak: “mugikortasun arloan 4 urte galdu ditu Udalak, ez da ezer egin arlo honetan, eta kostua 18.000 eurokoa izan da. Legealdi oso bat galdu du Bergarak, aurrerapausorik eman gabe”. Horrela, talde jeltzaleak gogora ekarri ditu joan den martxoan Udal gobernuak prentsan egindako zenbait proposamen: “hainbat proposamen egin arren guztiak mahai gainean geratu dira. Planak eta planak egin bai, baina EH Bildu ez da gai plan horien inguruko erabakirik hartzeko. Horregatik guztiagatik, mugikortasuna lantzeko lan mahai bat eratzea eskatzen diogu, proposamen zehatzekin. Erabakiak hartzeko mahaia izan behar du. Bergarak aurrera egin behar du”.
Terrazen ordenantzarekin, egoera bera
Amaitzeko, jeltzaleek gaineratu dute, Mugikortasun Planarekin gertatu moduan, terrazen ordenantzekin ere berdina gertatu dela: “2022ko urtarrilerako ordenantza berri bat izango zela agindu zuen EH Bilduk, baina hau ere mahai gainean geratu da. Argi dago, EH Bilduk adostasunak lortzeko eta eragile desberdinekin zailtasunei aurre egiteko duen arazoa edota gaitasun falta. Ostalariek beharrezkoa dute ordenantza berri bat: mahai kopuru handiago bat, prezio eguneratuak… gure herriko ostalariek bultzada bat behar dute aurrera jarraitu ahal izateko”.
BERGARAKO EAJ PNV UDAL TALDEA
2023ko otsailaren 1ean