ALDE ZAHARRA BERPIZTEKO PLANGINTZA ESKATZEKO MOZIOA

Ekaineko ohiko osoko bilkuran Bergarako EH Bilduk alde zaharra biziberritzeko plangintza eskatzeko mozioa sartu genuen.
Baina Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE alderdiek ezezkoa eman zioten eskaera honi. Inolako konpromisorik
hartzen ez duen mozio alternatibo bat onartu zuten.
Gure ustez konpromiso zehatzak hartu behar dira alde zaharra biziberritzea nahi bada, eta ahalik eta azkarren plangintza bat
burutu eta martxan jarri.

ARRAZOIAK

Bergarako bizitza soziala zonalde berrietara bideratzen ari dela esatea ez da gauza berria. Aspaldiko urteetan Alde Zaharra husten ari den eremua dugu eta zonalde eraiki berriak dira herriko bizitza soziala jasotzen ari direnak.

Lehenengo Goenkale, ondoren Artekale eta San Pedro eta azkenaldian Bidekurutzeta eta Barrenakale ere norabide berdinean ari dira garatzen.

Antzeko egoerak ditugu Zubietan ere.

Alde Zaharra gune historiko monumental izendatutako eremua da. Bergarak duen altxor garrantzitsuenetarikoa. Baina zaindu ezean ikusleku baina ez bizileku bihurtuko dena.

Bizileku diogunean ez gara etxebizitzei buruz bakarrik ari; kale biziak dira Alde Zaharrean behar ditugunak.

Gauzak honela Bergarako Udalak Alde Zaharra biziberritzeko plan orokor eta zehatza landu behar duelakoan gaude eta honako proposamena luzatzen diogu Udalbatzari aztertu eta ona dezan:

1) Bergarako Udalak Alde Zaharra berpizteko lan-mahaia osatuko du bertako bizilagunen, dendarien eta tabernarien ordezkariekin eta Udal Taldeetako ordezkariekin batera.

2) Lan-mahaiak osatu dezala 6 hilabeteko epean Bergarako Alde Zaharra biziberritzeko plan orokor eta zehatza.

3) Plan horretan jaso beharko du etxebizitzak, komertzioa eta tabernan Alde Zaharrean manten daitezen edota berriak ireki daitezen hartuko diren neurriak, epeak eta aurre-kontua.

4) Plan horretan jaso beharko du Alde Zaharrekoa kaleak kale biziak izan daitezen zein programazio, epe eta aurrekontu erabiliko dituen udalak.